Eusko Jaurlaritzak osasun publikoko kalitatea murriztu nahi du
Zehatzago, ondokoak dira gertatuko diren murrizketak:
Biztanleei eskainitako zerbitzuak gutxitzea- Horren adibide dira larunbatetan osasun zentroak ixteko erabakia (PSEk berak asko kritikatutako neurria oposizioan zegoenean) eta ospitaleetako arreta gutxitzekoa (guardiak). Neurri horiek atzerapauso bat suposatzen dute biztanleek lehen arretara eta ospitaleetara joateko duten aukeran.
Gaur egun baino langile gutxiago egotea- lanpostu batzuk desagertuko direla eta baja gutxiago ordezkatuko direla esan da. Horrela, langile gutxiagok aurre egin behar izango diete geroz eta ugariagoak diren osasun beharrizanei, asistentzia kalitatea gutxituko da eta langileen lan baldintzak okerrera egingo dute, duela urte askotik salatu direnean jasan ezinak diren lan kargak.
ELAtik berriro diogu gizarte gastua nabarmen handitu behar dela, eta zehatzago, osasun publikoan egiten den gastua. 2010erako onartutako aurrekontua oso eskasa izan zen, izan ere, ELGAko batezbestekora iristeko 1.400 milioi gehiagokoa izan beharko litzateke. Gauzak horrela, urria den aurrekontua 260 milioitan murriztea, egin beharko litzatekeenaren kontrako noranzkoan doa.
Erabaki honekin, Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren asistentzia kalitatea txartzeko aukera egiten du, zuzenean osasun pribatuari mesede eginez. Modu horretara, betikotu egiten dira gaur egun EAEko osasun sistemak dituen gabeziak: behar ez beste zerbitzu, itxaron zerrendak, langile beharrizanak, kontzertazio eta autokontzertazio maila altuak, etab.
Iragarritako soldaten moderazioari dagokionean, ELAk gogora ekarri nahi du aurreko urteetako igoeren zati batek langileetako batzuei bakarrik eragin ziela, soldatak hobetzeko aldarrikapena beraz, batez ere azpiko kategorietan, inoiz baino zentzudunagoa da.
Azkenik, ELAk salatu egin nahi du Gobernua eta Osasun Saila modu ilunean eta bide demokratikoetatik urrun aritu izana. Ez da inolako momentuan, ez informaziorik eman, ezta eztabaida sozial edo politikorik egin ere murrizketa horien inguruan, Eusko legebiltzarrak abenduan onartutako aurrekontuei eragiten badie ere, horien berri izan dugu prentsa filtrazioen bidetik bakarrik.