Osalan-ek prebentziorako prestakuntzak bertan behera utzi ditu

2011/09/27
2011ko irailaren 21ean Osalango zuzendariorde teknikoak sinatutako posta elektronikoa jaso zuten ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek. Haren arabera, jakinarazi ziguten, aipatu egunaz geroztik, Osalango zuzendaritza kontseiluak prebentzio ordezkarien eta eraikuntzako ikasgela iraunkorraren prestakuntza geldiaraztea erabaki zuela.

Erabakia honakoan oinarritzen zen: “baliabiderik ez dago, Hobetuzek aipatu prestakuntzari diru-laguntzarik ematen ez diolako eta nahiz eta Lanbidek hauek ordainduko dituela hitzeman, egun arte ez delako dagokion kontabilitateko idazpenik egin, ez eta ikastaroen kudeatze prozedurarik ezarri”.

Prebentzio ordezkarien prestakuntza, legeari dagokionez, 1997ko abenduak 11 zituenean ELA-k, LABek, CCOO-k, UGT-k eta Confebaskek sinatu zuten “EAE-n Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbide Arteko Akordioan” oinarritzen da. Prebentzio ordezkariek behar besteko gaitasunaz bete dezaten beren zeregina, 48 ordutako oinarrizko prestakuntza batez ari gara.

ERABAKIAREN BALORAZIOA

1.- Honen ondorioz, ez da prebentzio alorreko prestakuntzarik egiten.

Hego Euskal Herrian jasaten ari garen ezbehar-kopuru eta laneko gaixotasun-kopuru mailekin (“handia” hitza ezabatu da), onartezina deritzagu aipatu prestakuntza baztertzeari, berau enpresetako laneko arriskuen prebentzioan aurre egiteko oinarrizkoa izanik.

Eusko Jaurlaritzak birritan adierazi du lan segurtasuna eta osasuna lehentasuna dutela bere agenda politikoan. Dena dela, erabaki honekin, berriro ere erakusten du benetako konpromisorik ez duela gai honetan aurrera egiteko. Gogora dezagun, jadanik Osalango aurrekontuak murrizketa handiak izan dituela azken urteotan (%43-a arte, 2010. urteko funtsezko partidetan).

2.- Eusko Jaurlaritzari dagokio ardura

Lanbidek ikastaroak kudeatzeko dirurik edota baliabiderik eman ez izanaz baliatzen da Osalan. Erabakia zio teknikoetan edota Eusko Jaurlaritzako erakundeen arteko barne koordinazio ezean oinarritu nahi dute.

Azalpen hau ez da serioa eta guztiz onartezina da. Lehen aipatu dugun Lanbide Arteko Akordioak Osalani ematen dio oinarrizko prestakuntza egitasmoa kudeatzeko ardura, nahiz eta honen finantziazioa, azken urteotan, Hobetuzen bidez egin den eta egun, Lanbidek ordeztu duen, eskaintzako enplegu-prestakuntza finantzatzeko zereginean.

Osalan, Hobetuz edo Lanbide izanagatik, prebentzio ikastaroak bertan behera uzteko azken erabakia Eusko Jaurlaritzari dagokio.

3.- Funtsezko gaietan ematen diren murrizketek bere horretan diraute.

Eusko Jaurlaritza murrizketa nabarmenak egiten ari da laneko segurtasun eta osasunari dagokionez. Kontuan izan behar dugu, adibide honetan, atal txiki samar batez ari garela. Horren adierazgarri, adibidez, 2010. urtean Hobetuzek esleitu zuen kopururik handiena 350.000 €-takoa izan zela (ez zen gastatu kopuru osoa). Zer ez ote dute egingo prebentzioaren prestakuntza gerarazteko gauza izan badira?

Hala ere, bada dirua beste gauzak egiteko. Honela, gizarte-eztabaidarako mahaiak (Eusko Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT-z osatua), Osalanek 2010. urterako zuen aurrekontutik 400.000 €-tako laguntza jaso zuen Lotu kanpaina gara zedin. Aipatu kanpainaren bidez eraikuntzako sektorean leku garaietatik gertatu erorketak saihestu nahi zen; denbora igaro ahala, guztiz alferrikakoa dela frogatu da.

Are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren 2011. urteko aurrekontuan, gizarte-eztabaidarako mahaian parte hartzeko bideratutako 557.675 €-tako partida orokorraz gain, Osalanek 200.000 €-tako diru-kopurua esleitu du, lan osasun arloan, “gizarte-eztabaidarako mahaia garatzeko hitzarmenentzat”. Dena dela, ez dakigu zertan diharduten mahai horretan laneko segurtasun eta osasun alorrean; Jaurlaritzak darabiltzan politikak zilegitzat hartzeko, diru-kopuru handiak jasotzeaz gain, aldi oroz ematen diote estaldura patronalari.

Bestalde, Osalanek ez die lehentasunik ematen segurtasunean eta lan osasunean dauden benetako beharrei eta bere baliabide urriak darabiltza gertakizunak, beren buruak goratzeko jardunaldiak, alferrikako kanpainak,... egiten.

Eta erabili, erabili dituzte ere, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak, honen harira, urrian, antolatu zituen on-line ikastaroak finantzatzeko.

4.- Lanbide.

2011ko uztailaren 14-an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu zuen “enplegurako eskaintzako prestakuntzarako diru-laguntzen deialdia” (abuztuaren 4ko EHAA-BOPV). Deialdi honetan ezabatzen da, Hobetuzek, aurreko deialdietan, prebentzio ordezkarien prestakuntzari esleitzen zion diru-kopurua. Hortaz, formalki, Lanbiden ez dago ikastaro hauentzako berariazko aurrekontu-esleipenik; dena dela, esan, Lanbideren arazoa ez dela funtsa eza, funtsak izan, badirelako, adibidez, zergadunen kontura egiten diren publizitate-kanpainetan xahutzen dena.

CCOO-k, UGT-k eta Confebaskek, Administrazio-kontseilu honen partaide gisa, oniritzia eman diote erabaki horri. Bat al datoz deialdi honetan prebentzio ikastaroentzat berariazko diru-kopururik ez izatearekin? Bat al datoz gerarazte honen ondorioarekin?

ELA-k eta LABek behin eta berriz adierazi dugu zein den Lanbidez dugun jarrera; horren ondorioz, eten dugu erakunde horren Administrazio-kontseiluan dugun parte-hartzea. Enplegu alorrean benetako eskuduntzarik ez duen, bere boto-sistemari esker, Eusko Jaurlaritzak eta patronalak erabakiak lotzen dituzten erakunde batez ari gara. Honen eragingabetasuna gisa honetako erabakietan geratzen da agerian.

5.- Moduak guztiz onartezinak dira.

Posta elektroniko soil batez horren erabaki garrantzitsuaren berri izatea Gobernu horrek euskal gehiengo sindikalari dion mespretxu eta begirune ezaren adierazgarri da, gizabide onaren gutxiengo arauak ere ez dituelako bete oraingoan. Ez digu hots egin ere dagokion azalpena emateko, hurrengo asteetarako hainbat ikastaro antolatu ditugunean eta  dagoeneko prebentzio ordezkariak deitu ditugunean. Osalan  ikastaro hauei ezikusiarena egin die ala?

ELA-k eta LABek telefonoz, posta elektroniko bidez eta posta erregistratuaz Osalango zuzendaria den Pilar Collantesi eskatu genion bilera, erabaki horren nondik norakoak eta izan ditzakeen ondorioen berri izateko. Deia egin ondoren, Zuzendariak, telefonoz, Jaurlaritzaren prentsa-oharrean adierazi azalpena berretsi zuen, eta eskatu bilera, Jaurlaritzak eman dezakeen baimenaren arabera gauzatuko da.

Argi dago, Gobernu honentzat, gure herriko euskal gehiengo sindikalarekin bilera soil bat hitzartzea erabaki politikoa dela. Gogoratu, aurtengo uztailean, Osalango zuzendaritzari eta Enplegu eta Gizarte Gaietarako Kontseilaria den Gema Zabaletari beste bilera eskatu geniela, 2011-2014. urteetarako Lan Osasunaren Egitasmo estrategikoari ekarpenak egiteko. Bilera ez zen egin, Kontseilariak erantzun zigunez, Gobernu honentzat “negoziatzeko esparru onargarri bakarra gizarte-eztabaidarako mahaia” delako.

ONDORIOAK

ELAk eta LABek...

1.- Berresten dugu erabat gaitzesten dugula enpresetako lan arriskuen prebentzioan giltzarri den prebentzio ordezkarien prestakuntza geraraztea.

2.- Irmoki eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, berehala, berriz ekin diezaiela ikastaroei.

3.- Gure herriko gehiengo sindikala arbuiatzen duen Gobernu honen jarrera ez-demokratikoa salatzen dugu.

4.- Politika publikoetan, erabateko aldaketa eskatzen dugu, beharrezkoak diren ekonomia baliabideak dagokion neurrian handituz. Dena dela, alor honetan ezartzen ari diren murrizketak eten behar dira.

5.- Prebentzio ordezkarien prestakuntza sustatzeko eta antolatzeko dugun konpromisoa adierazi nahi dugu.

 http://www.mrafundazioa.eus/mediateka/bideoak/osalan-ek-prebentziorako-prestakuntzak-bertan-behera-utzi-ditu