EAEKO MAHAI OROKORRA

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio ELAren proposamenak 2027ko Aurrekontuetan sartzeari

2026/10/20
Eusko Jaurlaritzak uko egin dio ELAren proposamenak 2027ko Aurrekontuetan sartzeari
Enplegu Publikoko sailburuordeak ez du bermatu D’Anjou sailburuak 2027rako iragarritako % 4,5eko soldata igoera. ELAk borrokan jarraituko du erosahalmena berreskuratzeko, % 43ko behin-behinekotasunari amaiera emateko eta pribatizatutako zerbitzuak publiko egiteko.

Gaur Lakuan,Eusko Jaurlaritzako 115.000 langileen lan baldintzak negoziatzen diren mahai orokorraren bilera izan da. ELAk aurrekontuen norabidea aldatzeko eskatu du, inbertsio publiko handiagoa egin dadin eta EAEk erabakitzeko gaitasun handiagoa izan dezan zerbitzu publikoei eta langileen lan-baldintzei buruz.

Hala ere, Enplegu Publikoko sailburuordeak atzera bota ditu ELAren proposamenak, eta azken urteetako dinamikari eustearen alde agertu da. Gainera, ez du bermatu D’Anjou sailburuak iragarritako 2027rako % 4,5eko soldata igoera.

ELAk lanean jarraituko du 2027ko Aurrekontuek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, % 43ko behin-behinekotasuna murrizteko eta pribatizatutako zerbitzuak kudeaketa publikora itzultzeko neurriak jaso ditzaten. Helburu horrekin, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei bidaliko dizkie Jaurlaritzari aurkeztutako txostena eta proposamenak.

Besteak beste, honako neurri hauek jasotzen dituzte:

Soldatak: Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, 2027ko Aurrekontuek % 7ko soldata-igoera jaso behar dute, 2026ko KPIaren igoeraz gain.

Enplegu publikoa: ELAk eskatzen du aurrekontuek pribatizazio berriak eragoztea eta pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzeko plan bat jasotzea. Halaber, behin-behinekotasuna % 8tik gorakoa den esparru guztietan aldi baterako langileak finkatzeko prozesuak nahitaez egitea eskatzen du, bai eta langile-taldeak gaztetzeko neurri zehatzak hartzea ere.

Osasuna eta hezkuntza: Osasun-arloan, osasun-zentroetan murriztutako zerbitzuak berreskuratzea eta oporraldietan murrizketak ezabatzea eskatzen du. Hezkuntzan, berriz, aurrekontuek ratioak hobetzeko neurriak jasotzea aldarrikatzen du.

Aurrekontuko beste partida batzuk: ELAk, halaber, partida espezifikoak eskatu ditu langileak euskalduntzen aurrera egiteko, berdintasuna bermatzeko eta dauden osasun-arazo larriei heltzeko.