Eusko Jaurlaritzak zuzeneko kudeaketan esleitu duen eskola-jantokien zerbitzuaren lehiaketa garbia eskatu du ELAk

2014/12/15
Hainbat hedabidetan argitaratu diren albisteen arabera Eusko Jaurlaritzak zuzeneko kudeaketan esleitu duen eskola-jantokien zerbitzuaren enpresa jasotzaileak Lehiaren Euskal Agintaritzaren ikerketen pean daude, hirugarren enpresa batek salatu baititu, azken hamar urteotan 200.000 eurotik gorako gainprezioa jarri dutelakoan. Hori dela-eta, arrisku-argi guztiak piztu dira sektore horretan.

ELAn prentsaren bidez jakin ahal izan dugu gertakaria, oso gertakari larria azkenean egiaztatzen bada. Hezkuntza Sailetik ez digute deitu bilerara horren berri emateko.

Argitaratu dena aintzat hartuz gero, Hezkuntza Sailaren menpeko eskola-jantokien esleipena 7 enpresaren eskuetan dago gaur egun: AUZOLAGUN GIPUZKOA, AUZOLAGUN BIZKAIA, MAGI, COCINA CENTRAL GOÑI, EUREST, GASTRONOMIA BASKA eta TAMAR. Haietako bakoitzak esleituta zeukan loteagatik egin du eskaintza enkantean azken hamar urteotan, gainerako enpresen loteak errespetatuz, eta gainera, egin ohi dituzten eskaintzak lote bakoitzeko ezarritako gehienezko prezioa baino %1 gutxiagokoak izan dira.

Esleipena jasotzeko ziurtasuna izateko, ez omen dira lehiatu haien artean, zeinek bere loterako aurkeztu du eskaintza; hori dela-eta, lehiarik izan ez denez, ez prezioan, ezta zerbitzuan ere, esleituriko zerbitzua garestitzen zen.

Hamar urtetan iraun du egoera horrek, enpresek esleipenez esleipen kontratua jaso dute, enkantetik bazter geratzeko beldurrik izan gabe.

Horiek horrela, eta AIBAK enpresa salatzaileak Lehiaren Euskal Agintaritzan salaketaren frogagarri den dokumentazioa aurkeztua zuen jakinda, sindikatu honek bilera egiteko eskatu genion Hezkuntza Saileko sailburuorderi, informazioa jasotzeko, eta Sailak enpresa horien aurka hartuko zituen neurriak zein izango ziren jakiteko; akusazioen larritasuna ikusita, eta kontuan hartuz ikasturtearen amaieran zerbitzu horiek berriro esleitu beharko direla, eta hori dela Hezkuntza Sailak egiten duen kontraturik garestiena.

Sailaren erantzun digu esanez gai hori Lehiaren Euskal Agintaritzaren menpean dagoela, eta luzaroenik 18 hilabeteko epea duela enpresei hasitako espedientea ebazteko.

LEAtik diskrezioa eskatu dietela, eta auzia ebazten ez den bitartean ez dutela iruzkinik egingo, ezta neurririk hartu ere enpresen aurka.

ELAn ez dugu ulertzen nola Hezkuntza Sailak, kontratazioan egindako iruzurraren ageriko zantzuak ikusita:

Lehenengo, ez zuen mekanismorik jarri horrelakorik gerta ez zedin, eta behin gertaturik nola ez duen zuzendu. Hamar urteko inpunitatea izan dute enpresek, eta bitartean batzuek ez ikusiarena egin dute horren aurrean.

Bigarren, ez duen neurririk hartu, enkantearen baldintza-orri berriari begira. Hor zehaztuko baitira prezioa eta loteak, norentzat eta zein baldintzatan.

Salaketan azaltzen diren gertakariak egiazkoak badira, oso larriak dira.

Hori hala izango balitz, Eusko Jaurlaritzak, diru publikoa kudeatzean, izan duen kontrol eza ageri-agerian geratuko litzateke.

Pribatu bihurtu diren zerbitzu publikoak berenganatu dituzten enpresak aberastu dira azken urteotan diru publikoaren kontura, eta herri-administrazioko arduradunek beste aldera begiratzea nahiago izan dute.

Baina, puntu horrekiko, gainera, zuzeneko kudeaketako eskola-jantokien negoziazioa gogora ekarri behar dugu. Greban egon dira 36 egunetan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko 18 ordu eskatuz, zerbitzua egunero erabiltzen duten milaka ikaslerengan eragin zuzena izango zuena. Azkenean, gurasoen kontura joan zen hobekuntza, jantokiaren prezioa igo baitzen.

Enpresa horiek, iruzurrezko esleipenengatik eta zerbitzuaren gainprezioagatik etekinak lortzen zituztenak, ez ziren gauza izan hobekuntza txiki haiek errazteko, eta gurasoek hartu behar izan zituzten beren gain. Beste horrenbeste gertatu zen soldata-igoerarekin, kasu horretan Sailak ezarritako aurrekontutik atera behar izan zen, diru publikotik, gutariko bakoitzak jarritako dirutik.

Dirua egon badago, baina ez dago gogo handirik beharrezko diren gauzetan erabiltzeko:

- Pertsonal azpikontratatuaren lan-baldintzak hobetzeko. Pertsonal horrek hezkuntza-lana ere egiten du ikastegietan, eta hori aitortu behar zaie. Zeren heziketaren barruan, ikasgaiez gain, beste ikasleekiko portaerak eta jokabideak ikastea ere sartzen da; eta hori bai gelan, bai jantokian ikasten da. Jantokian jateko ohitura onak hartzen dira, ikaskideekin egokiro eta gizalegez portatzen.

- Eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Milaka ikasle baitira zerbitzu hori egunero erabiltzen dutenak, eta dauden ratioak gehiegizkoak dira, arreta egokia eman ahal izateko erabiltzaileei, 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei.

Eta aurten berritu behar da zuzeneko kudeaketako eskola-jantokien hitzarmena.

ELAtik sektorea duinago bihurtzeko eskatuko dugu, eta baita zerbitzua hobetzeko neurriak ere.

Eskakizunak:

- Soldatak %100 parekatzea.

- Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko orduak gehitzea.

- Ordu gehiago prestakuntzarako, sektorearekin loturiko gaiei buruzko prestakuntza-ikastaroak egiteko.

- Tarteka ezarritako ratioak berraztertzea (haur-hezkuntza, lehen eta bigarren hezkuntza), 2000. urtetik ez baitira berraztertu.

Gainera, eta sektorean lan-baldintza duinak ziurtatze aldera, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuen Legegintza Herri Ekimenaren puntu batzuk azpimarratuko ditugu: administrazio publikoetako azpikontratetan errespetatu behar diren gutxieneko baldintzak. Orduan gaitzetsi zuten LHE, arrazoi politikoak zirela-eta; baina ELAtik sustatzen jarraituko dugu negoziazio kolektiboaren bidez; Administrazioak, langileen alde egin beharrean, enpresa pribatuen interesetara lerratu delakoan.

- Enpresak ez izatea bere aldetik hitzarmena salbuesteko aukera.

- Hitzarmenaren indarraldia behin amaitu ondoren, besterik gabe luzatuko da hurrengoa sinatu arte; lan-baldintzak eta onura sozialak mantenduko direlako berme gisa.

- Isunak itundutakoa betetzen ez duten enpresetarako.

ELAtik iruzurrak antzemateko kontrol-mekanismoak eskatzen dizkiegu Eusko Jaurlaritzari eta haren Hezkuntza Sailari eta gainerako administrazio publikoei; era berean, gardentasun osoa eskatzen diegu denon diruaren iruzurrezko erabilerarekin loturiko prozesu guztiei dagokienez.

Gainera, eta enkante berri bat aterako denez, geldiarazteko eskatzen dugu, harik eta Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ebatzi arte, eta jarritako salaketa argitu arte, kontratu publikorik gehiago ez ematearren iruzur batean parte hartu duten enpresa pribatuei, lehiatu ez diren eta zerbitzuan gainkostuak jarri dituzten enpresa pribatuei.