EAEko langile publikoak

Eusko Jaurlaritzako behin-behineko langile publikoen %73 onartutako egonkortze prozesuetatik kanpo gelditu da

2024/03/01
34.000 langile publiko baino gehiagok, hirutik batek, behin-behineko izaten jarraituko dute. Europako tasarik handiena da. ELAk Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei eskatu die gehienez urtebeteko epean behin-behineko langileen kontsolidazioa bermatzeko eta % 8ko langara mugatzeko.

Hego Euskal Herriko sektore publikoko behin-behinekotasuna Europako eta estatuko handiena da, eta sektore pribatuko kopurua hirukoizten du. "77.000 langile publiko baino gehiago daude, %44 EAEn eta %51 Nafarroan", salatu du Igor Eizagirre ELAko Gizalaneko idazkari nagusiak Miren Zubizarretarekin (Hezkuntza ELA) eta Esther Saavederarekin (Osakidetza ELA) batera eskainitako prentsaurrekoan.

Osasungintzari dagokionez, egoera are "dramatikoagoa" da, Saavedraren arabera, Osakidetzako eta Osasunbideko plantillen erdiak behin-behineko langileak direlako (24.000 Osakidetzan): "Egoera hori are larriagoa izango da Osakidetzan, urtean 1.200 pertsona inguru erretiratzen direlako". Gogorarazi duenez, gaur egun 1.645 plaza daude okupatu gabe, eta 3.654 langile iruzurrean ari dira lanean, aldi baterako iraupen luzeko kontratuekin, egiturazko eginkizunetan baina aitortza hori ez duten lanpostuetan. "Lanpostu horiek ez dira oposizioetan eta gainerako hautaketa prozesuetan eskaintzen".

Izan ere, behin-behinekotasuna % 8ra jaisteko Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen egonkortzeko LEPekin, behin-behinekoen %73k (34.451 pertsona) ez dituzte lanpostuak finkatuko. "Hezkuntzan, behin-behineko langileen % 70 prozesu horietatik kanpo geratzen dira: 12.000 pertsona inguru", ziurtatu du Zubizarretak. "Prozesu arruntetan bakarrik erretiroagatik sortutako bajak betetzen dira". Osakidetzan, ia 21.000 dira euren lanpostua finkatzeko aukerarik gabe geratuko direnak. "Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasuna % 8ra mugatzeko borondatea agertu du, Legeak hala ezartzen baitu, baina eskainitako plazak irrigarriak dira", dio Eizagirrek.

Honako hau da egoera orokorra:

Eusko jaurlaritza

Behin-behinekoak

8 urte baino aintzinatasun handiagoa

3 urte baino aintzintasun gehiagoa

EPE etan Egonkortzera ateratako postuak

Kanpoan geratzen diren langileak

Osakidetza

24.600

9.600

14.700

3.700

%85 (20.900)

Hezkuntza

16.900

6.500

9.800

4.916

%71 (11.994)

Administrazio orokorra

4.500

2.500

3.200

3.763

%16 (737)

Justizia

1.070

700

840

240

%80 (830)

Guztira

47.070

19.800

29.740

12.619

%73 ( 34.461)

 Behin-behinekotasuna sektore publikoaren pribatizazioaren aurreneko urratsa da. 120.000 langile daude egun sektore publikoko funtsezko zerbitzuetan, baina pribatizatuta daude. Zaintza sektorearen egoera oso azpimarragarria da, zerbitzuen % 90 pribatizatuta baitaude. Osakidetzan, "Osasun Sailak 269 milioi euro bideratu zituen 2023an pribatizatutako zerbitzuak finantzatzeko, aurreko urtean baino % 9 gehiago. Azken adibidea biltegiena da, horien esleipena enpresa pribatu bati egingo baitzaio 129 milioi euroren truke ", salatu du Saavedrak. Horiek erakusten dute "lankidetza publiko-pribatuaren mantra" arlo publikoa pribatizatzearen aldeko apustua besterik ez dela, Eizagirreren esanetan.

Gainera, gogoratu behar da Hego Euskal Herria enplegu publikoa oso txikia da. EBn, langileen % 20 publikoak dira; Estatuan, % 17; eta EAEn, % 15 baino ez. Inbertsioari dagokionez, beste hainbeste: adibidez, osasuneko inbertsioa BPGren %5,6 da, eta Europako batez bestekoa, berriz, % 8; hezkuntzan BPGren % 3,85 bada, Europako batez bestekoa % 4,8 da.

 

Europako epaia eta ELAren proposamenak

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak joan den astean emandako epaia beste kolpe bat da Hego Euskal Herriko erakundeentzat, agerian uzten baitu behin-behineko kontratazioaren gehiegizko erabilera administrazio publikoetan. Balizko finkotasun bati atea ireki diezaiokeen arren (laboralen kasuan behintzat), milaka behin-behinekoen etorkizuna auzitegien eta eman ditzaketen epaien esku uzten du.

ELAk beharrezkotzat jotzen du legea aldatzea, plantilla horiek finkatu ahal izateko, behin-behinekotasuna %8ra mugatzeko, eta egoera hori berriro ez gertatzeko mekanismoak ezartzeko. Borondate politiko kontua da. ELAk jada salatu zuen Iceta Legea deiturikoa, EAEko Administrazioko Kidego eta Eskalen Legea, zein gainerako araudia, ez direla irtenbide nahikoa eta bermatzailea.

Horregatik guztiagatik, ELAk euskal erakunde eta alderdi politikoei eskatzen die ez dezatela pribatizatu beste zerbitzu publikorik, eta leheneratu ditzatela jada pribatizatutakoak. Ildo horretan, Madrilgo ustezko betoa alboratu eta birjarpen tasak eta oztopoak ezabatu ditzatela eskatzen du sindikatuak. Euskal Herriko aldi baterako milaka langile publikoek enplegua kontsolidatu ahal izateko .

Horretarako, salbuespenezko prozesuak antolatu behar dira, aldi baterako langileentzat finkatzeko bermeekin, urtea amaitu baino lehen. Egiturazko lanpostu guztietarako deialdia egin, baita oraindik aintzatespen hori ez duten lanpostuetarako ere (hiru urteotan aldi baterako langileek betetako lanpostuak, LPZn edo langileak antolatzeko dagokion tresnan formalki sortuak izan ala ez). Halaber, zigorrak ezarri behar dira prozesu horiek gauzatu ez eta behin-behinekotasuna % 8 baino handiagoa izango duten administrazioentzat, bai eta etorkizuneko antzeko egoerak saihesteko neurriak hartzea ere.

Egoera horren aurrean, ELAk martxoaren 12ko sektore publikoko grebaren beharra azpimarratu du.