Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila sustatzen eta esleitzen ari den obretako lan-baldintzak esklabistak dira

2015/12/22
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila sustatzen eta esleitzen ari den obretako lan-baldintzak esklabistak dira
ELAko eraikuntza sektoreko arduradun diren Luis Fernandez eta Igor San Josek gaur goizean parte hartu dute Eusko Legebiltzarreko Enplegu Batzordean; bertan salatu dutenez, “Hezkuntza Saila sustatzen eta esleitzen ari den obretako lan-baldintzak esklabistak dira, eta gainera uko egin dio arazo hau aztertzeko PRECOra joateari”.

Agerraldiaren hasieran ELAk EAEko herrilanetan dagoen egoera soziolaboralaren berri eman du: 5€/orduko legez kanpoko soldatak, lan-osasun eta -segurtasunik gabe, lanaldi amaigabeak, lanpostuen suntsipena eta iruzur fiskala. “Hau guztia, prekaritate gordina nagusi delarik, eta honen ardura euskal administrazioari dagokio”.

Adibide gisa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren ardurapean dauden hainbat obra aipatu dituzte, “pasotismo instituzionala” larrutik pairatzen ari diren langileen testigantzarekin. “Esandako puntu bakoitza egiaztatzen” duten agiriak aurkeztu dituzte arduradun sindikalek, baita talde parlamentarioen esku jarri ere. Aipagarria da, hain zuzen, Antzibar enpresa itxi denean egin duen memoria; bertan aipatzen da itxi beharra eta 33 lanposturen galera Hezkuntza Saileko esleipenetan gertatzen diren prezio jaitsiera “basatien” ondorio izan dela. “Beheranzko esleipenak bilakatu dira herrilanetan prekaritateari aurre egiteko oztopo nagusia”, ondorioztatu dute ELAko ordezkariek.

Fernandezek eta San Josek arazoari irtenbidea emateko hainbat proposamen egin dute; horien artean garrantzi berezia hartzen du ELAk Legebiltzarrean 110.000 sinaduraren babesarekin aurkeztu duen HLEa.

EAJREN JARRERA ETSIGARRIA

Sindikatuaren azalpenaren ondoren talde parlamentario bakoitzak bere iritzia eman du. PPk ez du hitza ere hartu nahi izan. EH BILDUk, berriz, HLEa egoera hau bideratzeko tresna dela berretsi du. PSEk ez du aurrerapausorik mahairatu, baina adierazi du funtsean Herrilanei buruz egindako diagnostikoarekin bat datorrela.

Bereziki aipatzea merezi du, ordea, EAJren taldeak, berau baita Jaurlaritza bere esku duen aldetik Hezkuntza Sailak lehiaketara ateratzen dituen obren prekaritatearen arduradun zuzena: Bere lehen saioan argi asko aitortu du herrilanetan halako praktikak gertatzen direla, eta esan du “datozen hilabeteetan litekeena da irtenbide bat izatea”, ELAren HLEa aipatuaz. Haatik, adierazpen hauek kontrajarrita daude alderdi honek agintzen duen erakundeetan egunero hartzen dituen erabakiekin.

Legebiltzarkideek egindako galderei erantzun ondoren, ELAko arduradunek esan dute prest daudela PRECOren baitan irtenbideak bilatzen saiatzeko; EAJko ordezkariek ez dute eskainte hau onartu. Azkenik, sindikatuak EAJko kideei eskatu die eman diezaiotela babesa tramitatzen ari den HLEari, aipatu den moduan 110.000 herritarren babesa izan duelarik.

HLEarekin ELAk subrogazio eskubidea aldarrikatzen du (hots, langileak enplegua eta baldintzak mantentzea, azpikontrata betetzen duen enpresa aldatuz gero); lan eremuari dagokion hitzarmenik hurrekoena aplikatzea (hau da, bertoko hitzarmenak), eta baldintza hauek betetzen ez dituen enplegatzaileari zigorrak ezartzeko aukera arautzea (esleitutako zerbitzuaren kontratua amaitzea barne delarik).