Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Autopsietako Laguntzaile bat kaleratu du, diru horrekin Auzitegiko Mediku Aditu biri lansariak hobetzeko

2012/06/14
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Autopsietako Laguntzaile bat kaleratu du, diru horrekin Auzitegiko Mediku Aditu biri lansariak hobetzeko
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoetako Sailak onartu du Bilboko Justizia Jauregiko Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean 10 urteko esperientzia duen behin-behineko langile baten kaleratzea.

 

Orain arte Patxi Lopezen gobernuak gezurrezko diskurtso erabili du esanez, haiek ez dituztela Rajoik planteatu dituen murrizketak beteko, eta Legebiltzarrean zein Negoziazio Mahaietan behin eta berriro esan dute ez dela kaleratze bakar bat ere izango EAEko Administrazio Publikoetan. Gezurra!

Denok dakigu hori guztia kanpainarako egiten duten  propaganda politikoa baino ez dela. EAEko langile publikook badakigu lansariak jaitsi egin dizkigutela, ez dutela ordezkapenik egiten, lan-zamak handitu egin dizkigutela, langileon osasunaren kontura, langileon kontrako kanpaina iraingarriak egin dituztela haien kordako komunikabideetan, eta horren ondorioz, gaixotasun larriak dituzten langileok murrizketak jasan behar izan ditugula gure lansarietan.

Politika gezurraren arte bihurtu duten horiek oraingoan goia jo dute.Lanpostu bat amortizatu egin dute, Autopsietako Laguntzaile bat hain zuzen ere, eta lanpostu horretarako aurreikusia zegoen diru-kopurua erabili dute Anatomia Patologikoan Adituak diren Auzitegiko Mediku biren lanpostuak sortzeko eta horien lansariak hobetzeko. Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko  arduradunek, inolako lotsa barik, langile bat kaleratu egin dute orain bertan dauden Patologiako Mediku laboral biren lanpostuak lanpostu funtzionarioak berrizendatzeko eta jokaldi horrekin, bide batez, mediku horien lansariak hobetzeko.