Eusko Jaurlaritzaren ardurarik eza salatu dute Condesako langileek

2015/11/13
Eusko Jaurlaritzaren ardurarik eza salatu dute Condesako langileek
Gasteizko Condesa Taldeko langileak elkarretaratu dira gaur goizean Eusko Legebiltzarraren aurrean Jaurlaritzaren ardurarik eza salatzeko. Enplegu-espedienteetan murgildurik daudela, eta bezeroak galduz jarraitzen dutela adierazi dute.

ELA eta LAB sindikatuen oharra:

Berriz ere CONDESAko langileok mobilizatu behar izan gara. Gure enpresaren ibilbidean ez da inoiz gertatu azken bi urte luzetan izan dugun prekarietate-egoeraren parekorik. Enpresa-korporazio handien arteko interesen tirabiretan lardaskaturik bizi gara, eta gure lan-egoerari ez zaio irtenbiderik ematen.

Bi urte denbora asko da, eta ziurgabetasunetik ezkortasunera aldatzen ari gara. Gaur arte behin eta berriz errepikatu da betiko prozedura: gauzak ezkutuan egin eta epeak bete gabe utzi. CONDESA/BANKA/ARCELOR MITTAL arteko akordioa uztailaren amaieran egin zen. Gero esan ziguten Europako Lehiaren Auzitegiaren izapidea egin behar zela, salmenta gauzatu ahal izateko. Ordutik hona ez digute informazio fidagarririk eman, eta epeak ez dira bete. Enpresen interesen borroka horretan ez omen zaio inori axola Euskal Herriko 800 posturen etorkizuna.

Gaur Eusko Legebiltzarrera etorri gara, herri-erakundeei partaidetza eskatzera. Ez gara inozoak, badakigu ez enpresa handiek, ez bankak, ez dutela begiratuko salmenta horren menpean dauden 800 familiengatik; baina Eusko Jaurlaritzaren ardurarik eza onartezina iruditzen zaigu. Gehienetan ez dute nahi izan, ezta langileen ordezkariekin bildu ere, eta bildu direnetan ezkutatu digute informazioa. Ziurtatu ziguten bilera egingo zutela gurekin akordioa sinatu ondoren. Akordioa uztailaren 31n sinatu zen, eta Eusko Jaurlaritza ikusezin dago.

Nahi genukeena zera da: Arantza Tapia sailburuak guri azalpenak ematea. Baina langileekin biltzeko joerarik ez duenez, ea azalpen horiek Legebiltzarrean behintzat ematen dituen: Eusko Jaurlaritzak Condesarekin dituen mailegu partaidetuak zer egoeratan daude? Industria Sailak zein nolako pausoak eman dituen oraingo prozesuan eragiteko? Zer egiteko asmoa du lantegi horietako jarduera, enplegua eta lan-baldintzak iraunarazteko? Ustez Condesaren jabe berri izango direnek zelako industria-proiektua dute gerora begira?

Bienbitartean, lan-kargarik ez da heltzen. Enplegu-espedienteetan murgildurik gaude, eta bezeroak galduz jarraitzen dugu. Egoera honetan langileok mobilizatuz jarraituko dugu, gure lanpostuen eta baldintzen aldeko borrokan.