AZTERKETA BULEGOAREN TXOSTENA

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratzen dute Osasunera eta Hezkuntzara

2023/11/24
ELAk aurkeztu du bere Azterketa Bulegoak EAEko aurrekontuei buruzko egindako txostena. Aurkezpenean, Mitxel Lakuntza azpimarratu du “Urkulluk ez duela ekintzarik, ez aldaketarik proposatzen, eta jokatzen du gabezia sozialak eta Osakidetzako arazoak existituko ez balira bezala”. Adibidez, BPGa 2024an %5 haziko da (estimazio ofiziala), baina aurrekontu erreala soilik %3,4 gehituko da 2023ko itxiera aurreikuspenaren aldean

ELAko Azterketa Bulegoak egindako TXOSTENEAN (hemen irakurri) agertzen diren datuek nabarmen uzten dute Eusko Jaurlaritzaren propaganda. Mobilizazioei ematen ari zaien erantzuna negargarria da: Osasuneko aurrekontua aurtengorako aurreikusita zegoen kopurua baino 90 milioi euro handiagoa izango da, ez gehiago. Osakidetzako langileei ordainduko zaien zenbatekoa, berriz, 29 milioi gehiago izango dira, hots, %1,1. Eta aurrekontuetan Hezkuntza Legea aplikatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak legealdi guztiko BPG portzentajerik apalena izango dira.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektua Europako parametroetatik gero eta gehiago ari dela aldentzen Osasunean, Hezkuntzan eta Etxebizitzan. Esaterako, osasungintzan Lakuntzak gogoratu duenez “gastu publikoa 2021ean BPGaren %5,62koa izan zen, hots, europar batez besteko maila baino 2,38 puntu txikiagoa. Bada, Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko aurrekontua datorren urtean are urriagoa izango da, %5,13koa”.

Mikel Noval ELAko Azterketen arduradunak, berriz, aurrekontu murriztaileen politika salatu du, eta horrek osasun arloan dituen eraginak. Eusko Jaurlaritzaren proiektuak 2024an berriz ezarriko diren arau fiskal europarrak bere egiten ditu, eta hazkunde benetan eskasa izango du, “%3,4ko igoera nominala 2023ko itxiera aurreikuspenarekiko”. Hau bereziki osasun arloan antzemango da: “Eremu honetarako aurrekontua %1,9 besterik ez da haziko (90 milioi, guztira 4.896 direlarik). Eta langileen kapitulua nabarmentzen du, izan ere, 2023an baino 29 milioi gehiago ez baitira bideratuko. Esatea Osakidetzak dituen arazoak konpontzea lehentasuna dela eta aldi berean aurrekontu-politika zeken hau erabakitzea herritarrei eta Osakidetzako langileei adarra jotzea da”, esan du Novalek.

Halaber, Azterketen arduradunak esan du oso deigarria dela halako propaganda egitea Hezkuntza Legearen inguruan: benetan “aurrekontua %3,7 baino ez da haziko, eta ondorioz legealdi guztian izan duen BPGaren zatirik txikiena izango du”.

Bestalde, ELAko idazkari nagusiak nabarmendu du etxebizitzarako baliabide oso urriak jartzen direla. “Urkullu lehendakariak errentak mugatzeko aukera ukatzen du, eta esaten du eskuduntzen inbasioa dela hori legean jasotzea. Haatik, bere eskuduntza bada, zergatik ez du lehenago egin? Ez dagoelako borondate politikorik. Hain zuzen, Etxebizitzako aurrekontua hobetzeko borondaterik ez dagoen bezalaxe”.


Lakuntzak dioenez, “aurrekontu hauek pentsatuta daude kezka sozialak artifizialak balira bezala, bizimoduaren garestitzea edo Osakidetzako arretak izan duen gainbehera asmatuak balira bezala”. Salatu du ere aurrekontu hauetan ez zaiola ekiten premiazkoa den trantsizio ekosozialari. “Gainera, lanaldi murrizketari behar bezala heldu ordez gai honetarako 6 milioi euro emango dizkio patronalari; enpresa handiei betebehar fiskalak aintzat hartzeko galdegin ordez, utzi egiten die gutxi edo bat ere ez ordain dezaten. Eta enpresek jartzen ez dutena jende arruntak ordainduko du”.

Azkenik, Mikel Novalek aurrekontu-politikan ELAk egiten dituen proposamenak aipatu ditu. Hauek dira, besteak beste:
1. Zerga-erreforma urgentea eta iruzur fiskalaren jazarpena.
2. Osasuneko inbertsio publikoa Europako batez besteko mailarekin parekatu.
3. Hezkuntzako inbertsio publikoa Europako batez besteko mailarekin parekatu.
4. Aurrekontuak gehitu etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko.
5. Bizimodu duina izateko aukera emango duten sarrera bermatuak ezarri.
6. Trantsizio ekosoziala sustatzeko funts publikoa.
7. Genero ikuspegia izango duen aurrekontuaren analisia egin.
8. EAEn erabaki behargin publikoen lan-baldintzak.