Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek ez die egungo zein etorkizuneko beharrizan sozialei eta estrategikoei erantzuten

2021/11/16
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek ez die egungo zein etorkizuneko beharrizan sozialei eta estrategikoei erantzuten
EAEko aurrekontuei buruz egin duen txostena aurkeztu du gaur ELAk, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiarekin eta Aitor Murgia Azterketa Bulegoko kidearen eskutik, eta Jaurlaritzaren aurrekontu politika salatu du.

Hain zuzen ere, sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu politikaren oinarria “ahal den gutxien gastatzea” dela. 2020an, pandemia hasi zen urtean, Jaurlaritzak ez zuen aurrekontuan jasotakoa baino gastu handiagorik egin. 2021ean, berriz, %2,1 besterik ez da handitu. Hau da, sekula ezagutu gabeko krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioa pairatu arren, gobernuak nahiago izan du gastua ez handitu ondorioei aurre egiteko.

Aurrekontu politika estu hau hautu bat da, Jaurlaritzak nahikoa sarrera izan baititu aurrekontua taxuz handitzeko. Esaterako, 2021ean foru ogasunen diru bilketa espero baino handiagoa izango da; ondorioz, Lakuak ia 1.000 milioi gehiago izango ditu. Gainera, Espainiako Gobernuak aurten aurreikusita zegoena baino 800 milioi euro gehiago transferitu dizkio. Haatik, sarrerak aurreikusitakoak baino askoz handiagoak izan arren, Jaurlaritzak gastua ez handitzeko erabakia hartu du; horregatik, ekitaldia ixtean 2.500tik gora milioi euroren soberakina izango du.

Horrenbestez, onartezina da Eusko Jaurlaritzak ez erantzutea beharrizan sozialei, hala nola, osasungintzan, hezkuntzan, zaintzan edo etxebizitzan, eta areago, gizarte prestazioen murrizketak ezartzea, hala egingo baitu DSBEarekin 2022ko aurrekontu proiektuan.

2022ko aurrekontuek erabateko norabide aldaketa ekarri beharko lukete. Alabaina, ELAk 2022ko aurrekontuei buruz egin duen txostenean agerian geratu denez, “urtero legez propaganda da nagusi, baina aurten inoiz baino gehiago. Ez da lehen aldia aurrekontuak inozko sozialena eta hedakorrena dela esaten dutela, historikoak ere direla esaten dute, baina propaganda hutsa baino ez da”. Areago, 2021eko urria arte, aurrekontuan jasota inbertsio errealen %25 baino ez da gauzatu.

Aurrekontu proiektuan ELAk egiaztatu du aurrekontuaren handitzea oso murritza dela, eta gehien hazten den saila zor publikoaren ordaina da, 2021eko itxiera aurreikuspenarekin alderatuz gero %13,8; 929 milioi euro izatera iritsiko da. Zerga erreforma baztertzerak zorra gehitzea dakar, inoizko zifrarik handienetan, gainera.

Gobernuaren ekintzarako partiden igoera %2,3koa baino ez da; horregatik, datorren urtean Eusko Jaurlaritzaren pisua ekonomian uzkurtu egingo da. Politika murriztaile hori muturrera eraman dute: Osasuneko aurrekontua 2022an aurtengo estimatu dena baino 17 milioi euro txikiagoa izango da. Gauza berdina gertatuko da Hezkuntzarekin; sail honek 29 milioi gutxiago izango du aurtengo itxiera aurreikuspenarekiko.

Beraz, aurrekontu hauek aurrekoen jarraipena da, eta aukera bikaina galdu da inbertsio handiagoa egiteko urte askotan murriztuta izan diren sailetan. Aukera galtzea da, izan ere, Egonkortasun eta Hazkunde Ituna 2023ra arte etenda dagoelako eta aurrekontuak benetan hedakorrak izan daitezen dirua badagoelako.

ELAk nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak ekonomian pisu handiagoa izateko trena izan beharko lukete aurrekontuek, inbertsio publikoarekin. Ez soilik herritarrentzako zerbitzuetan, baita sektore estrategikoetan ere, zeintzuen bidez eredu produktiboaren eraldaketa eragin daitekeen. Gero eta premia handiagoa da hori, baina gure erakundeek bizkarra ematen diote.