Jaurlaritzaren ekimen politikoa ekonomi eta gizarte eremuetan propaganda hutsa da

2009/08/18
ELAren aburuz, proposamen eta alternatiben gabeziak hedabideen aurrekoak eta propaganda besterik ez dakar, ideien gabeziak estaltzeko inongo edukirik ez dagoelarik.

Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen neurriek aurrekontuen murrizketekin zerikusia dute. Hau ELArentzat onartezina da, are eta gehiago atzeraldi abagunea bizi dugun honetan. Murrizketa hauek ondorio ezkorrak izango dute geroz eta murritzagoa den gastu sozialean. Agerikoa da PSE-EEren ekonomi eta gizarte politiken mugak, gai hauetan ere, PPrekin duen itunetik datozela. 

PSE-EEren gobernuak , esate baterako, iragarri du dagoenekoz ez duela atzera egingo azken urteotan enpresari eta errenta altuen mesedetan  gauzaturiko fiskalitate erreforma atzerakoietan. Gai honetan “jarraikortasuna”   bakarrik ikusten dugu; edo bestela esanda, erreforma horiek ontzat ematen dute. “Elkarrizketa sozialaren” mahaiak martxan ipintzeari Lehendakariak emaniko balioak alde handia du errealitate honekin: gobernuak uko egiten dio fiskalitate erreforma aurrerakoiagoak jartzeari eta, ezbairik gabe, fiskalitate gaia gizartean eta sindikatuekin eztabaidatik at geratzen da. Honek garbi asko frogatzen du politika gai errealetan patronalaren interesek agintzen dutela.

Lan merkatuan ezarri den prekarietateari buruz, Gobernuak ez du ezer proposatu, emaitza jakinekoak diren “elkarrizketa “mahaiak aitzakiatzat hartuz. Erkidego Autonomoak lan arloan dituen eskumen urriak eta Estatuko “elkarrizketa sozialaren” porrota – orain arte behintzat- kontutan hartzen baditugu, mahai honetatik itxaron daiteken bakarra zera da: subentzioak  eta hobariak enpresentzat eta zeharkako finantzaketa honako antzerkiari zilegitasun itxura eskaintzen dioten erakundeei.

ELAk, beste behin, atentzioa ipini nahi du lan erreformek ekarri duten porrotaz. Aldikotasun altua aitzakia izan da erreforma guztietan eskubideak suntsitzeko, eta erreformak babestu zutenek esandakoaren kontran behin-behinekotasuna ez zen gutxitu. Patronalak bestaldera, erreforma guztietan prekarietatean oinarritu eta bere neurriko kontratazioa lortu du. Modu honetan, nahi duenean, iruzurra darabil zigorrik ez duela jasoko jakinda.

Kontraesana badirudi ere, egun behin-behinekotasuna gutxitzen doa langabeziara doalako langilea. Egia esanda, langabeziara doazen aldikako kontratua duten askok eta askok patronalari legea betetzera bakarrik behartuz legozkiekeen baino   eskubide gutxiagorekin doaz. 

Abagune honetan onartezina deritzogu administrazioak bere esku dituen bitartekoak ez erabiltzea: enpresak behartzea iruzurrezko kontratazioa ez egitera. Eskumen hau badu hemengo gobernuak nahiz eta patronalari aurre ez egiteko inoiz erabiltzera ukatu den. 

Erosoa den posizio horretatik, eta aginte politikoak ematen dion babesa kontutan harturik, uler daiteke patronalaren erasoaldia soldaten murrizketak exijitzeko eta gastu sozialeko atalen murrizketa eskatzeko.  Patronalak lotsagabeki  jokatzen du Gobernuek beren kontra ez dutela ezer egingo ziurtasunean.