Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko akordioak 2022ko aurrekontuen joera neoliberala mantentzen du

2021/12/02
ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk EAEko 2022ko aurrekontuak onartzeko lortutako akordioak ez du egiturazko aldaketarik ekarriko, eta ontzat ematen du Eusko Jaurlaritzaren hurrengo urterako “aurrekontu kontinuista eta neoliberala”.

Sindikatuak adierazi duenez, akordio horrekin, EH Bilduk ontzat eman du, adibidez, 2022an aurten baino gutxiago bideratzea Hezkuntzara, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketak egitea edo zerga-erreformarik ez egotea. Horrela, bizkarra ematen die Eusko Jaurlaritzaren politiken sakoneko aldaketa eskatzen duten sindikatu- eta gizarte-erakundeen aldarrikapenei.

Akordioan jasotako konpromisoei dagokienez, ELAk honako hau uste du (balorazio txosten osoa hemen):

  • Lanari eta enpleguari dagokionez, ez dago aurrerapen zehatzik. Ez dago inongo zehaztapenik, negoziazio kolektiborako EAEko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari (LGS) egiten zaio erreferentzia, baina inongo zehaztasunik edo konpromiso zehatzik gabe.

  • Etxebizitzari dagokionez, PSOEk eta UPk Madrilen adostutako etorkizuneko Etxebizitza Legea txertatu nahi du proposamenak. ELAk duela zenbait aste aztertu zuen bezala, lege honek ez dio irtenbiderik emango alokairuen prezio garestien arazoari, eta, gainera, autonomia-erkidegoek ez dute nahitaez bete behar.

  • I+G+Bri dagokionez, testuaren argitasun faltak ez du ezkutatzen 77 milioi euro ez direla 2022rako, baizik eta datozen urteetarako (2028ra arte).

  • Osasunean, hartutako konpromisoa 30 milioi eurokoa da 2022rako eta hurrengo urteetarako (zehaztu gabe zenbateko hori zenbat urtetan banatzen den), Lehen Mailako Arretaren Estrategia ezartzen jarraitzeko. Estrategia hori 2019an sortu zen, eta ez du aldaketarik ekarri lehen mailako arretaren arazo nagusian, hau da, inbertsiorik ezan. Gainera, eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) murrizketa-politikaren aurrean, akordioa azterlan batekin osatzen da. ELAk badaki murrizketa-ildo horretan sakontzea helburu duela azterlan horrek.

  • Larrialdi klimatikoari dagokionez, 100 milioi euro adostu dira Jasangarritasun Energetikoaren Funtsa aktibatzeko. Ez da funts berria, baizik eta Jasangarritasun Energetikoaren 2019ko legetik abiatuta sortutako funts bat, 2021eko maiatzetik aurrera egikaritu nahi zena, eta 2021eko aurrekontuetan haren aurrekontua konprometituta dagoena.

  • Gizarte-politikei dagokienez, aurrekontu-igoerak barregarriak dira. Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) zuzkidura 4 milioi euro igotzea erabaki da. Gizarteratzeko 20 milioi ere hitzeman dira, baina hurrengo bi urteetan banatuko dira (10 milioi 2022an eta 10 milioi 2023an). Gazteei dagokienez, 2 milioi baino ez dira gehitu gazte-politikak.

Agerikoa da Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk 2022ko aurrekontuetarako egindako 253 milioiko akordioaren iragarpena propaganda hutsa dela”, dio ELAk. Sindikatuak gogorarazi duenez, partida asko aurreko urteetatik datoz edo 2022tik aurrera bideratuko dira, eta neurrietako asko (etxebizitza, osasuna, gazteria) politika publikoak aldatzeko konpromisorik ez dakarten txostenak izango dira.

 “Akordioak Jaurlaritzaren aurrekontuaren %1era ere iristen ez diren partidak aldatuko ditu, azaleko aldaketarik suposatzen ez dutenak eta aurrekontuen joera neoliberalari eusten diotenak”, laburbildu du sindikatuak.

Irakurri hemen ELAren balorazioaren txostena