Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen aginduak greba-eskubidea ukatzen die erresidentzietako langileei

2016/09/19
Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen aginduak  greba-eskubidea ukatzen die erresidentzietako langileei
Aginduarekin Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak agerian uzten dute erabiltzaile eta langileen egoera bost axola zaiela: sektorearen egoera larria ezkutatu nahi dute, horretarako beharginei greba-eskubidea eragotziaz.

Eusko Jaurlaritzak gaur gutxieneko zerbitzuei buruzko agindua argitaratu du ELAk Bizkaiko egoitzetan deitu duen greba dela eta. Dekretuak aurreko gutxieneko zerbitzuak zeharo gehitu ditu, %60tik %80era, eta sektoreko langile gehienen greba-eskubidea galarazten du horrela. Gasteizko gobernuak bide eman die Foru Aldundiak eta sektoreko patronalek egindako eskariei, greba indargabetzeko gutxieneko zerbitzu zabalagoak nahi baitzituzten.

Kontua da Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuen ondorioz lantoki batzutan behargin gehiago kontratatu beharko direla haiek bete ahal izateko, ohiko lanegunetan zerbitzu batzutan langile gutxiago izaten baita. Esaterako, gutxieneko zerbitzu gehiago eskatzeko Aldundiak egin zuen txostenak gaueko txandan irregulartasunak aipatzen ditu; haatik, gutxieneko zerbitzuetarako lehengo aginduak %100eko presentzia ezarria zuen; honek agerian uzten du sektorea zertan den.

ELAren iritziz gutxieneko zerbitzuei buruzko agindu batek langileen greba-eskubidea zapuzten du, eta Eusko Jaurlaritzak zein Aldundiak nabarmen adierazten dute sektoreko erabiltzaile eta beharginen egoera bost axola zaiela: Administrazioen kezka bakarra da errealitate larri bat estaltzea, horretarako greba-eskubidea zanpatzen delarik.

ELAk auzitara joko du aginduaren aurka eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatuko da greba-eskubidearen aurkako hamaikagarren eraso hau dela eta.

Azkenik, aipagarria da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren hipokrisia, zeren martxoaren 8an emakumeen eskubideak aho betez aldarrikatzen dituzte, baina hauek lan-baldintza duinak lortzen saiatzen direnean baztertu egiten dituzte. Bilera bat ere ez da egiten, eta greba-eskubidea ukatzen zaie.