Eusko Jaurlaritzaren hautu bakarra, eskubideak eta zerbitzuak murriztea

2011/11/23
EAEko Mahai Orokorraren lehen bileran administrazioak inolako lotsarik gabe esan du 2009an sinatu zen akordio orokorra puntuz puntu bete duela. Ondorez murrizketa berriak aurkeztu ditu. ELAk elkarretaratzea deitu du Lakuan.

Jaurlaritzak aurkeztu dituen aurrekontuetako irizpideen baitan, eskubideak murriztea proposatzen du: bi urteko iraupena izango duen hitzarmena, baina beteko dela ziurtatzeko inongo bermerik gabe.

Edukiak honakoak lirateke:

1.- Soldatak izoztea (beraz, gutxienik erosteko ahalmena galtzen da).

2.- Enpleguaren aldeko ituna, egungo lanpostuak mantentze aldera, baina honako neurriak onartzearen baldintzapean:

-         Gaixoaldi-bajetako osagarriak berrikustea.

-         Errelebo-kontratua eta erretiro aurreratuko primak etetea.

-         2012an karrera profesionalaren ordaina etetea.

3.- Berriro diote gizarte-eragileek eta arlo publikoko langileek arduraz jokatu behar dutela, baliabide eskasia dela eta krisiaren irtenbide gisa murrizketak onar ditzagun. 

ELAk berriro salatu du aurreko akordioa lau gai nagusietan ez dutela bete (soldatak, enplegua, azpikontratazioa eta euskara), eta esan du akordio urratze hauek eta mahaira ekarri duten proposamenarekin zerbitzu publikoei eraso egiten zaiela, eta ostera ere arlo publikoko langileak zigortzen dituztela, murrizketa gehiago ezarrita (aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak kriminalizatuz eta eskubideak kenduz…),  horrela eurek eragin ez duten krisi baten ardura egozten dietelarik. 

ELAren ustez lotsagarria da ‘ardurazko’ jarrerak eskatzea egiten ari diren politika neoliberalek enplegua suntsitu eta zerbitzu publikoak prekarizatzea eragin dutenean; betiko moduan, fiskalitate eta gizarte-gastu politikak aldatu egin behar direla aldarrikatu du sindikatu honek, administrazioek diru  gehiago bil dezaten eta gizartearen beharrizanak asetuko dituen enplegu publikoa sortzea posible izan dadin. 

ELAren irudiko ezinbestekoa da akordioak langileei kendu zaiena berreskuratzeko bidea zehaztea, baita zerbitzu publikoetako langileen erosteko ahalmena hobetzea zein zerbitzu publikoak osatzeko enplegu publikoaren sorrera ere.