Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa, COVID txertoaren bigarren dosiaren aurrean, kaotikoa da

2021/05/26
ELAk aitortzen du pandemia hau kudeatzea ez dela batere erraza. Hala ere, salatu behar da Eusko Jaurlaritzak txertoen bigarren dosia modu kaotikoan kudeatzen duela. Pandemia honetan askotan gertatu da kudeaketa kaotikoa.

Eusko Jaurlaritza mezu kontraesankorrak eta irizpide desberdin eta aldakorrak helarazten ari da, bai euskal gizarteari, bai egoera hori jasaten ari diren milaka langileei. Jarrera guztiz arduragabea da, eta mesfidantza eta ziurgabetasun handia sortzen du. Txertaketaren adinen aldaketek, albo-ondorioei buruzko informazio kontraesankorrek edo, kasu honetan, bigarren txerto zuzena hautatzeak mesfidantza baino ez dute sortzen.

Gainera, 60 urtetik beherako langileen bigarren dosiaren kudeaketaren atzean ez daukagu argi irizpide zientifikoak edo hornidura-arazoak dauden. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ez ditu bere gain hartzen bere erantzukizunak. Eusko Jaurlaritzari dagokio irizpide argiak ematea, langileekin argitasunez jokatzea eta horren araberako erabakiak hartzea. Hau da, gardentasuna, kudeaketaren koherentzia eta irizpide sanitario eta zientifikoetan oinarritutako erabakiak hartzea eskatzen dugu.