Eusko Jaurlaritza seigarren urtez ekarpenak egin gabe jarraituko du eta Itzarriren azkena eragin dezake

2017/05/17
Eusko Jaurlaritza seigarren urtez ekarpenak egin gabe jarraituko du eta Itzarriren azkena eragin dezake
Gaur, Itzarriren urteroko ohiko batzar orokorra izan da. ELAko ordezkariak elkarretaratze bat gauzatu dute Erkoreka Sailburuak, Itzarriko lehendakari denak, langileekiko hartutako konpromezuak bete gabe jarraitzen duela salatzeko. Seigarren urtez jarraian ekarpenak egin gabe jarraitzen du, eta ez dirudi epe laburrean ekarpenak egiten hasteko asmorik daukanik ere.

Modu honetan, Jaurlaritzak, langile publikoei aplikatutako murrizketak atzera botatzeko borondate eza eta bere langileen kontura diru publikoa aurrezten jarraitzeko asmoa erakusten du.

Eusko Jaurlaritzak murrizketa honetan duen jokabidea bereziki larria da, izan ere, EAJk berak sartu baitzuen zuzenketa Estatuko 2014rako aurrekontu orokorretan, pentsio-planetarako ekarpenak egiteko debekua kentze aldera. Gainera, Itzarrin Eusko Jaurlaritzako langileentzat ekarpenak egitea ukatzen duen alderdi berak toki- eta foru-administrazioan kontrako jarrera du, Elkarkidetzari dagokionez (bera da Udal eta Diputazioetako langileen BGAEa). ELAk gobernu honen zinismoa eta borondate politiko eza salatzen du, baita langileak zigortzen jarraitzeko duen asmoa: hauek sortu ez duten krisi baten ondorio ekonomikoak beren poltsikoetatik ordainarazi nahi die.

Onartezina da EAJ, PSE eta PPk adostutako aurrekontuetan, legez bestekoa den zor bat ordaintzera edo AHT finantziatzera diru publiko kopuru ikaragarriak bideratzen diren bitartean, langile publikoei Legez zein beraien Lan Hitzarmenez zor zaiena ukatzen jarraitzea.

Egoeraren larritasuna kontuan izanda, pasa den urtean ELAk bide juridikoari ekitea erabaki zuen.  Apirilean,  eta dagokion prozedurari jarraiki, errekurtsoa aurkeztu du beraz, EAEko Auzitegi Gorenaren aurrean.

ELAk, sindikatuak deitutako ekintza eta mobilizazio desberdinetan parte hartzera animatzen ditu murrizketa honek eragindako langile guztiak bere eskubideen defentsan.