Gutxieneko soldata
Eusko Legebiltzarrak adostutako gutxieneko soldatari buruzko adierazpena hutsala eta propagandistikoa da

ELAren ustez positiboa da gutxieneko soldatari buruzko eztabaida publikoa piztea, are gehiago patronalak inoizko irabazi handienak pilatzen ari den eta soldatak igotzeari uko egiten dion testuinguru honetan. Hori esanik, gaur EAJk, EH-Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Duguk adostutako Legez-besteko proposamena sinatzaileen interes propagandistikoei erantzuten die eta ez euskal langileentzako gutxieneko soldata duin bat ezartzeari.
ELAk, LABekin batera, 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorra deitu aurretik CONFEBASKi lanbidearteko akordio bat adostea proposatu zion, besteak beste 1.200 eurotako gutxieneko soldata ezartzeko. Eusko Jaurlaritzarekin ere bilerak izan ziren proposamenaren berri emateko eta prozesuan lagundu zezan. CONFEBASKek uko egin zion proposamena eztabaidatzeari, horretarako negoziazio mahaia osatzeari ere uko egin zion, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen inongo laguntzarik eskaini.
Era berean, ELAk administrazioaren azpikontratetan gutxieneko lan-baldintzak ezartzeko Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuen 2014an eta 110.000 sinadura bildu zituen horren alde. Ekimen horren bitartez administrazioetako azpikontratetan 1.200 eurotako gutxieneko soldata ezartzea exijitu zuen sindikatuak. EAJk eta PSE-EEk gaia eztabaidatzeari atea itxi zieten, tramitazioa hastea ere ezinezko egin zuten. Momentu honetan ELAk hainbat greba ditu martxan administrazioetako azpikontratek miseriazko soldatak ordaintzeari utzi diezaieten. Esaterako, Arabako zahar-egoitzetan estatuko 1.100 eurotako soldatak hobetu daitezen langileak borrokan ari dira, Aldundia zuzentzen duten EAJren eta PSE-EEren esku dago hitzarmen hori hobetzea, Aldundiaren finantziaziopean baitaude zahar-egoitzak, baina negoziaketaren blokeoaren konplize dira. Era berean, aipatutako greba guztietan Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailak grebak ezer-ezean uzteko gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzen ari da, aste honetan bertan Donostiako Ospitaleko garbitzaileekin ikusi bezala.
Legez-besteko proposamenaren sinatzaileek Estatuko aurrekontuak onartu dituzte eta bertan ontzat eman dute administrazioetako langileek eros-ahalmena galtzea eta Estatuak administrazioetako langileen soldatak inposatu ahal izatea. Eta, praktikan, sinatzaileek uko egiten diote administrazioetako langileen lan-baldintzak hemen negoziatzeari, horregatik egin diote uko ere Legez-besteko Proposamenean Estatuari gutxieneko soldata erabakitzeko eskuduntza eskatzeari.
Esandako guztiarengatik, ELAren ustez, lau alderdiek adostutako Legez-besteko Proposamena erabat propagandistikoa da. Adierazpen hau inkoherentea da sinatzaileek egunerokoan egiten dutenarekin uko egiten diotelako patronalari aurre egiteari, eta hauteskundeen aurretik beren burua zuritzea beste helbururik ez du. Legezko inongo obligaziorik sortzen ez duen adierazpen bat sinatu dute ondorio praktikoak dituzten erabakiak hartzeari uko egiten dioten bitartean.
ELAk Euskal Herrirako 1.400eurotako gutxieneko soldata ezar dadin borrokatzen jarraituko du eta patronalak ezartzen duen betoaren aurrean grebak eta mobilizazioak sustatzen jarraituko du. Era berean, administrazioak zuzentzen dituzten alderdiei beren esku dauden erabakietan koherentziaz soldatak handitzea exijitzen jarraituko du.