Eusko Legebiltzarrak laster izango du aukera milaka langile azpikontrataturen baldintzak duinago bihurtzeko

2015/02/24
Eusko Legebiltzarrak laster izango du aukera milaka langile azpikontrataturen baldintzak duinago bihurtzeko
Gaur ELA Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean agertu da, legebiltzarreko taldeen galderei erantzuteko eta azalpenak emateko, sindikatu honek 2013ko amaieran aurkeztu zuen Legegintzako Herri Ekimenaren inguruan. ELAtik dei egiten diegu herri honetako talde politikoei, laster barru izango duten aukeraz baliatuz administrazio publikoetako azpikontratetan diharduten milaka eta milaka langileren lan-baldintzak eta bizimoduak bermatzeko.

LHEaren (Legegintza Herri Ekimena) helburua administrazio publikoetan azpikontrataturik diharduten milaka pertsonaren eskubideak eta lan-baldintzak bermatzea da. Hori dela-eta, ELAk 110.000tik gora sinadura aurkeztu zituen 2013an LHE bultzatzeko. Gaurko agerraldiaren ondoan legebiltzarreko taldeek zuzenketa-prozesua berriro irekiko dute, zeren Arbitraje Batzordeak gaitzetsi egin du Bizkaiko Foru Aldundiak aurkezturiko eskumen-arazoa.

Prozesua ez da erraza izan, ez; luzea, gogorra eta zaila gertatzen ari da, mota guztietako zailtasunak aurkitu ditugu bidean: lehenengo, Eusko Jaurlaritzaren ezezko irizpena, LHE izapidetzera onartzeko, eta gero Bizkaiko Foru Aldundiaren saiakera, Gasteizko parlamentuko eztabaida eragozteko.

ELAtik dei egiten diegu herri honetako talde politikoei, laster barru izango duten aukeraz baliatuz administrazio publikoetako azpikontratetan diharduten milaka eta milaka langileren lan-baldintzak eta bizimoduak bermatzeko. Talde politiko horien esku egongo dira puntu nagusi hauek: subrogazioa (lanpostuari eta lan-baldintzei eusteko eskubidea, enpresa kontratugilea zein den gorabehera), hitzarmen aplikagarria (hurbilena), eta baldintza horiek errespetatzen ez dituzten enpresak zigortu ahal izatea.

LHE hori onestea aurrerapauso nabaria izango zen administrazio publikoen zerbitzuan aritzen diren milaka langile azpikontrataturentzat. Beste horrenbeste lortu dugu Nafarroan, han ere beste LHE bat aurkeztu genuen, eta talde politiko guztiek aho batez onetsi zuten ekimena. Beraz, ez dago aitzakiarik, ez dago arazo juridikorik LHEaren bidez eskatzen dena ezartzeko.

Guk espero dugu, bitartean, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek dagokien eran jokatzea, eta langile horien lan-baldintzak bermatzeko neurriak behingoz hartzea. Bada garaia hitz ederretatik egintzetara aldatzeko, eta asmo oneko adierazpenak zabaltzetik erabaki eraginkorrak gauzatzera.