Eusko Legebiltzarrak onartu du erreferentziazko hitzarmen bat aplikatu ahal izatea
EH Bilduk EAJ, PSE eta Sumarren babesa lortu zuen EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bat onartzeko atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Horregatik, ELAk gaiari heltzeko eskatu dio Lan Sailari.
Zehazki, EHBilduk aurkeztutako legez besteko proposamen horrek Legebiltzarrari eskatzen zion urratsak ematea etxe-enplegatzaileen elkarte bat sortzeko, hau da etxeko langileen hitzarmen kolektiboa negoziatu ahal izateko. Hori gertatu bitartean, sektorerako erreferentziazko hitzarmen bat aplikatzeko eskatzen zion Legebiltzarrari.
Duela bi urte baino gehiago, ELAk prozedura bat hasi zuen helburu horrekin: erreferentziazko hitzarmen kolektibo bat ezartzea etxeko eta zaintzako langileentzat, zehazki, Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuko hitzarmen kolektiboa. ELAk bilera eskatu zuen une hartan Lan Sailarekin, Mikel Torresek zuzenduta, eta agerian geratu zen sektoreko lan-baldintzak duintzeko borondate politikorik etzegoela.
Sektore hori, batez ere, emakumeek eta pertsona migratuek osatzen dute. Lan-baldintza eskasak dituzte, gaur egungo zaintza-sistemaren gainbehera dela eta. Gaur egun, pribatizazioan eta prekarietatean oinarritutako zaintza-sistema bat dugu. Zaintzen sektorea enpresa batzuek monopolizatzen dute, irabazia erabiltzaileen ongizatearen aurretik jartzen dutenak eta biztanleriaren zahartzean negozio bat ikusten dutenak. Familia askok ez dituzte beren zaintza-premiak betetzen, eta, horregatik, pertsona bat kontratatu behar izaten dute zaintza-lanetarako. Zaintza sistema publikorik bermatzen ez denean, zaintza lanak pribatizatzeko joera dute eta familia barruan kudeatzen dira.
Azken urteotan aurrerapen batzuk egin dira zaintza eta etxeko langileentzat lan-legeriari dagokionez, baina oraindik ez daude gainerako langileekin erabat parekatuta, eta ez dute negoziazio kolektiborako eskubiderik. Horregatik guztiagatik, ELAk eskaera bat egin zion Lan Sailari Estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko, hau da, indarrean dagoen hitzarmen kolektibo baten ondorioak patronalik ez dagoen sektore batera zabaldu ahal izateko.
ELAk uste du borondate politiko kontua dela langile horiei gainerakoen eskubide berak bermatzea. Oso sektore feminizatua eta arrazializatua da, eta hitzarmen kolektiborako eskubidea emanez gero, soldata-arrakala murrizten lagunduko litzateke. Horregatik guztiagatik, ELAk Mikel Torresen Sailari eskatu dio erreferentziazko hitzarmen bat ezar dezala sektore horretarako.