Eusko Legebiltzarrean hilak 12an izan zen osoko bilkura dela-eta, ELAk honakoak adierazi nahi ditu...

2003/03/31

PRENTSA OHARRA

Polizia Nazionalak Garzon epailearen aginduz Euskal Herriko hainbat herritan Udalbiltzarekin zerikusia duten zenbait herritar eta zinegotziren aurka egin duen operazioa dela-eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

1. Euskal Herrian itun antiterroristaren itzalpean gertatzen ari diren jokabideak salatzekoak dira. Egitateak aztertu ordez konspirazio teoriak asmatzen dira. 18/98 sumarioa da zigor-zuzenbide deduktiboaren adibideetako bat. Ez du axola hainbat eta hainbat atxiloturi buruz deliturik egin izanaren susmorik ez egotea; are ulergaitzagoa da, berriz, terrorismoa egotzirik inoiz jarduera armatuarekin harremanik izan ez dutenak atxilotzea, baita bortizkeriaren aurkako jarrera ezaguna izan dutenak ere.

2. Operazio hau gainera hautetsiek osatutako erakunde baten aurka egin dute. Udalbiltzaren jarduna publikoa izan da, gardentasunez jokatu du; agertu izan dituen ekimen, komunikatu, iritzi eta proposamenen arabera begibistakoa da bere jite demokratiko, zibil eta eraikitzailea, bere jarduna une egokian egin den edo ez eztabaida badaiteke ere.

3. Berriro salatu beharrean gaude atxiloketak egiteko modua: polizi talde handiak zabaltzea eta gauez egiteak ez dauka inolako justifikaziorik, atxilotuak aski ezagunak direlako eta euren jarduna egiten duten tokietan eguneko edozein ordutan aurki baitaitezke.

4. Gure irudiko, datozen egunetarako estatuko fiskal nagusiak iragarri duen hautagai-zerrendei jarritako helegitea eta ondorioz etor daitekeen ilegalizazioa gauzatzeko giroa operazio honen bidez prestatu nahi dute.

5. Atxilotuek berehala eraman behar dituzte epailearengana. Komisarietan behin eta berriz gertatu izan diren tratu txar eta tortura kasuak ikusirik Amnesty International eta beste zenbait erakundek honen froga ugari eman izan dute ezin esan liteke atxiloketak egin dituztenekin errugabetasun printzipioa aplika daitekeenik, legeria espainolak Lege Antiterrorista medio posible egiten duen inkomunikazio egoera kontutan izanik.

6. Aurreko adierazpenetan esan izan dugunez, euskal gatazkarentzako irtenbide demokratikoaren alde gaude, oinarritzat norbanako zein kolektiboen eskubide guztiekiko errespetua harturik. Horien baitan, Euskal Herrian bakean bizitzeko eskubidea zor zaigu; gizartean eta politika munduan nahasmena eta haserrea eragingo duten etengabeko eskuhartzeak ez jasateko eskubidea zor zaigu.

Bilbo, 2003ko apirilaren 29n