Eustatek kolokako enplegua ezkutatu egin nahi du

2005/05/16

Gobernuak ez du jada soldatapeko eta aldi baterako enplegua hiru hilean behin aztertzen

Eustatek ez ditu gehiago aldi baterako eta soldatapeko enpleguari buruzko datuak hiru hilero argitaratzen. Honek ez dauka inolako justifikaziorik, eta erabaki larria da, Mikel Noval ELAko azterketa bulegoko arduradunak salatu duenez.

Novalen iritziz, "Eusko Jaurlaritzaren asmoa kolokako enpleguaren errealitatea ezkutatzea da". Datuek hiru hilean behin frogatu izan dutenez, EAEn aldi baterako enplegu tasa Europako Batasunean dagoenaren ia hiru halakoa da, eta gazte zein emakumeen egoera are larriagoa izanik, Eustatek datua aldian-aldian egiten duen inkestatik kentzea erabaki du. Badirudi agintarientzat hobe dela prekarietateaz hitz egitea, hau enpleguari dagokionez Europako egoeratik gehien urruntzen gaituen datua izanik.

ELAren ustez, azken urteotan enpleguari buruzko estatistikak behin eta berriz aldatu izan dira, eta honek urteen joanean lan-merkatuaren azterketa homogeneoa egitea eragozten du.

Mikel Novalek adierazi duenez, "Eustatek aldaketa metodologiko bat baliatu du funtsezko datuak ez emateko. Mundu guztiak prekarietatearen arazoa ahotan duenean, Jaurlaritzak hori neurtzen duten datuak ez ematea erabakitzen du"; hau erakundeek eskaintzen duten informazioaren erabilpen alderdikoia eta interesatua da, Novalen arabera.

ELAk eskari bat egiten du: Eustatek "jarrai dezala hiru hilean behin soldatapeko eta aldi baterako enpleguari buruzko datuak ematen, eta enplegua aztertzen hasi zenetik aldagai guztien bilakaera aztertzeko aukera emango duten serie homogeneoak egin daitezela".