Ez da akordiorik lortu Gipuzkoako metaleko hitzarmenean

2007/04/16
Apirilaren 17an Gipuzkoako metaleko 8. bilera egin da. Aurrekoetan bezala ADEGIk ez du proposamen berririk aurkeztu. Patronalak argi utzi du, beste behin, bere egitasmoa. ELAren ustez proposamena onartezina da: malgutasuna gehitu, (100 ordu eta 10 egun); 2007, 2008 eta 2009 urteetarako lan hitzarmenen iraunaldia; KPI-aren azpiko soldata igoerak (KPI-aren %70); arriskuen edo lan neketsuekin loturiko gehigarriak kentzea; lan ordutegia 32 ordutan gehitzea eta Geroaren urteko %0,25eko igoera.

ADEGIk blokeo egoerara eraman du negoziazioa eta jarrera harroarekin jarraitzen duen bitartean ez dago zereginik. Inposaketan oinarritutako negoziazioa bultzatu nahi du eta horrela ezinezkoa da akordio batetara heltzea. Langileoi gehien interesatzen zaizkigun gaiak alde batera utzi nahi ditu, batez ere enpleguarekin loturikoak. Ez du ezer jakin nahi, esaterako, azpikontratazioa eta behin-behinekotasunarekin loturiko gaiekin.

Bilera amaitu ostean sindikatu guztiak bat etorri gara balorazio ezkorra egiteko orduan. ELAk negoziazio mahaiak zabalik dituzten lantegietan bost egunetako greba egiteko proposamena egin du. Azken egunean lantegi guztietara zabalduko litzateke greba deialdia, elkartasuna adierazteko.

ELAren iritziz benetako aldarrikapenak aurkezten diren unean negoziazioaren mugak nabarmentzen dira, eta ADEGIren benetako jarrera nagusitzen da. ADEGIk ez du soldaten eguneraketa besterik nahi eta ahalegin guztia egin behar dugu dinamika horrekin apurtzeko. Lan hitzarmenaren negoziazioetara eraman behar ditugu enpresarien mozkinak, irabaziak guztien artean banatzeko.