Ez dadila aukera hau alferrik galdu

2011/01/10
Gaur ETAk plazaratu duen komunikatua dela-eta, ELAk nahi bat eta iritzi positi-bo bat adierazi nahi du. Batetik, garai berri bati ekiteko nahia, gure herriaren aldarrikapen nazionalak bide zibil eta demokratikoetatik eramate aldera. ELAk uste du konfrontazio armatuaren garaia amaitu dela, eta horixe berretsi behar duela ETAk.

Bestetik, iritzi positiboa su-eten iraunkor eta orokorrari dagokio, erabaki honek gizarte guztiarentzat dakarren distentsio eta lasaitzea medio.

ELAren aburuz, bakerako aukerak baliatu egin behar dira. Horregatik, dei egiten dio espainiar gobernuari distentsio egoera hau behin betiko izan dadin lan egin dezan. ETAk nazioarteko egiaztapen bat aldebakarreko erabakiz onartu izana  –Bruselako adierazpenak eskatzen zion bezala– ELAren irudiko egitate berri eta positiboa da, eta beronen sakoneko esanahia izan behar da su-eten erabakiak atzera bueltarik ez duela. Horregatik, ELAk Espainiako gobernuari eska-tzen dio egiteko honi ez diezaiola oztoporik ipini.

ELAren ustez, Espainiako gobernuak prozesu hau sendotuko duten erabakiak hartu behar ditu. Hain justu, inoiz urratu behar ez ziratekeen minimo demokratiko batzuk berrezarri behar dira. Espetxe-politika aldatu behar da: sakabanatzea amaitu, gaixorik dauden presoak askatu, zigorren luzapen arbitrarioa amaitu eta inkomunikazio sistematikoa bertan behera utzi. Halaber, tratu txarrak eta torturak amaitzeko neurriak ere gauzatu behar dira.

Aipatutako minimo horien artean egon behar du ere urteotan legez kanpo jarri dituzten erakunde politikoen legeztatzea. Hain zuzen, ELAk salatu egiten du egungo gobernuak ezker abertzale ilegalizatu osoa egin nahi duela ETAk bere kabuz hartzen dituen erabakien arduradun. Hau are injustuagoa da kontutan izanik ezker abertzale ilegalizatuak bortizkeriaren arbuioa adieraztea erabaki duela, indarrean den legeriak exigitzen dion moduan. Ardura hau egozten tematzea kalterako litzateke, eta onartu ezinekoa, ikuspuntu demokratikotik.