GIPUZKOAKO ERREPIDE BIDEZKO BIDAIARIEN GARRAIOA

Ez dago aurrerapausorik hitzarmenaren negoziazioan

2024/01/23
Atzo, urtarrilaren 22an, hitzarmenaren negoziazio mahaiak bilera egin zuen LHKn. Bertan, sindikatuek euren aldarrikapenak azaldu zituzten berriro, eta patronalak ez zuen ezer egin hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.

Gipuzkoako bidaiarien hitzarmena negoziatzeko sindikatuek eta patronalak bilera egin baino egun batzuk lehenago, lau sindikatuek akordioa lortzeko gutxieneko aldarrikapenak adostu zituzten.

Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: KPIren araberako soldata igoera kontzeptu guztietan, dieten igoera (aurreko hitzarmeneko dietetan oinarrituta), lanaldia urteko 1.712 ordura murriztea 2025ean (ELAren asmoa urteko 1.592 orduko lanaldia bada ere), txanda kontratuak arautzea eta patronalak ezarri nahi duen kategoria berria ez ezartzea.

Patronalak ez die aldarrikapen hauei erantzun, eta aurreko proposamenari eutsi dio.

ELAk ohartarazi du negoziazioan aurrerapenik ez badago, gainerako sindikatuei mobilizazioak egitea proposatuko diela.