Ez dago prebentziorik lantokietan dirua kostatzen delako

2017/07/12
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta ehunka ordezkarik parte hartu dute Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean azken egunotako lan istripu hilgarriak salatzeko egin den elkarretaratzean. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak azpimarratu du hiru urtetan 180 langile hil direla lan istripuetan, eta hildako bakoitzeko 18 heriotz izaten direla gaixotasun profesionalen ondorioz. Muñozek “utzikeria politiko etsigarria” salatu du eta “ heriotza hauen atzean dagoen lan ereduak prebentzioa gutxiesten du dirua kostatzen delako” azpimarratu du.

Muñozek adierazi du enpresetan prebentzioa dirua kostatzen dela eta enpresa askok ez inbertitzea erabakitzen dutela. Era berean, gobernuek egin beharreko kontrola eta zaintza ere dirua kostatzen da eta hauek ere ez dute horretan inbertsiorik egiten, nahiago dutelako aurrekontuak moztu, baita lan osasunean ere. “Enpresak ikuskatu egin beharko lirateke, egiaztatzeko ea prebentzio eta segurtasun arauak betetzen dituzten. Prekarietatea asko gutxituko litzateke legeak aldatuz gero, baina gobernuak eta patronala bat datoz zorioneko lan erreformak egin direla hain zuzen lan baldintzak okertzeko eta enpresen etekinak handitzeko”.