Ez dira inoizko aurrekonturik hedakorrenak

2023/04/05
Euskal langileria pobretze prozesu orokorra pairatzen ari da, prezio altuak eta soldaten ez eguneratzea direla eta. Horregatik, 2023rako aurrekontuek garrantzi handia hartzen dute, ahulenentzat babesa izan behar luketelako, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu behar lituzketelako eta ongizatean, trantsizio ekosozialean eta kalitatezko enpleguan lagundu behar luketelako.

Ikusi ahal izan dugunez, 2023rako aurrekontu proiektuek aurreko urteetako proiektuen ildoari jarraitzen diote; propaganda handiarekin baina, errealitatean, kontuek aldaketa gutxi erakusten dituzte. Ez pandemia, ez eta inflazio krisia, ez dirudi nahikoa direnik benetako gastu publiko hedakorra garatu nahi izateko.

EAE eta NFEko aurrekontuen abiapuntuek, gainera, akats larri bat dute: ez da zalantzan jartzen haiek finantzatzeko behar den dirua biltzeko modua. Enpresa gehienak azken hileotan inoiz baino etekin handiagoak poltsikoratu badituzte ere, klase herrikoiak dira aurrekontuen zati gero eta handiagoa jartzen dutenak. Aldiz, etekinak dituzten enpresek, soldata altuenek eta kapital errentek gero eta ekarpen urriagoa egiten dute.

Euskal Autonomia Erkidegoa

EAEko aurrekontuei dagokionez, 2021ean izandako diru sarrera publikoak espero zirenak baino askoz handiagoak izan ziren. Foru Aldundien ekarpenak eta Espainiako eta Europako transferentziak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak 2.200 milioi euro baino gehiagoko diru sarrerak izan zituen. Hala ere, diru sarrera horiek ez ziren aprobetxatu gastu publikoa handitzeko; aurreikusita zegoen zorraren erdia jaulkitzeko erabili ziren, eta 1.000 milioi baino gehiago erabili gabe geratu ziren.

2022. urtean, Foru Aldundien ekarpenak aurrekontuan jasotakoa baino altuagoak izan arren,%10eko defizita izatea aurreikusten da. Zerga erreforma bati helduz gero, ez ginateke defizit egoerez ariko. 2023rako aurrekontu proiektuak aurreko urteetako ildotik jarraitzen du, eta gastu soziala gutxi handituko da 2022ko itxierarekin alderatuta.

Osasunean egindako gastua jaitsi egin da, eta Hezkuntzan maila berberetan mantendu da. Aurrekontu proiektuak DSBEaren zenbatekoan murrizketak aplikatzea jasotzen jarraitzen du, baita etxebizitza politiken zuzkidura oso txikia ere.

2023rako lehen aldiz sartu dira MRR funts europarrak diru sarreren aurrekontuan, nahiz eta azken urteak xedapen gehigarri gisa sartu diren. Hala eta guztiz ere, funts horien gastua aztertuta, ez dute inolako egitura aldaketarik eragiten aurrekontuan.

Nafarroako Foru Erkidegoa

Nafarroaren kasuan, legealdi osoko aurrekonturik txarrena da aurtengoa, gizartearen eta sindikatuen parte hartzerik gabe egindako hau. Aurrekontuaren hazkundea oso txikia da, eta KPIaren eta BPGaren hazkunde aurreikuspenen oso azpitik dago. Horrek esan nahi du Administrazio Publikoak pisua galduko duela ekonomiarekiko. Beraz, austeritate politiketara itzuli gara pandemia garaitik inolako irakaspenik atera gabe, eta etorkizuneko murrizketetarako bidea prestatzen hasi dira.

EH Bildurekin lortutako akordioak ez du edukirik: aurrekontu osoa onartu dute eta aurrekontuaren %0,26ren truke erreforma fiskalari uko egin diote. Legebiltzarreko ezkerraren estrategia politikoa aurrekontu eta zerga politika antisoziala baliozkotzea da.

ELAk oposizio gisa jardungo duen ezker instituzionala nahi du, aurrekontu eta zerga politiken erabateko eraldaketa defendatzen dugun indar sindikal eta sozialekin aliatua izango dena. Ezkerraren zeregina ezin da aurrekontu antisozialak makillatzera mugatu, aurrekontuak ez baitira onak sinatzen dituenaren arabera, edukiaren arabera baizik.

Beraz, ondoriozta daiteke aurrekontu horiek kontinuistak direla eta, gainera, aukera handia galtzen dela urte askotan murriztu diren partidetan inbertsio handiagoa egiteko.

Gastu publikoa ekonomiaren motorra da eta, alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pisu handiagoa izan beharko lukete inbertsio publikoaren bidez. Baina ez herritarrei zerbitzua ematen dieten gaietan baino ez, enpresa estrategikoetan eta balio erantsi handiagoa sortzen duten enpresetan ere.