Ez du Adegik Gipuzkoako metaleko hitzarmenik nahi, negoziazio itxurak egitea baizik

2013/02/05
Gaur egin da Gipuzkoako Metal Hitzarmenaren negoziazioaren 16. bilera. Adegik ez ditu erantzun sindikatuen galderak; eta, orain arte bezala, bere hartan temati jarraitu du, Lan Erreformaren berrikuntzak Gipuzkoako Metal Sektorean aplikatu nahian.

 

Hau da,Adegik negoziazio osoan erakutsi duen jarrera berari eutsi dio. Hasieratik lan-erreformaren aldeztaile sutsua izan da, erreformak ekarri dituen alderdirik atzerakoienak azpimarratuz. Hortaz, Adegiren iritziz beharrezkoa da Gipuzkoako metalgintzako enpresetan soldata-jaitsierak enpresariek beren kabuz erabaki ahal izatea, eta hitzarmen kolektiboen edukiak ez aplikatzeko aukera nahitaezko arbitrajeen bitartez ebatzi ahal izatea.

ELAk argi utzi du, berriz ere, hitzarmen kolektiboak paper errea izango direla, baldin eta aplikazioa etetea enpresarien esku bakarrik uzten bada (arbitraje bidez edo lan-baldintzak nabarmen aldatzearen bidez —soldaten jaitsiera—). Hori horrela, Gipuzkoako Metal Hitzarmena galtzeko zorian dagoela esan dezakegu, ADEGIri ez baitzaio interesatzen benetako hitzarmen bat, loteslea eta derrigorrez bete beharrekoa. Egunak joan, egunak etorri, eta gero eta nabariagoa da enpresari gipuzkoarrek hitzarmen-itxura bat nahi dutela, gomendiozko agiri bat, behartzeko indarrik ez duena, eta Rajoyren erreforma aplikatzeko bide zabala emango diena. Baina, aldi berean, bake sozialerako asegururen bat izatea gustatzen zaie.

Baina ELAk ez du onartuko hitzarmen-itxurarik. Gure asmoa ez da alegiazko hitzarmen bat sinatzea, eta biharamunean enpresek, inolako eragozpenik gabe, Rajoyren erreforma aplikatzea Gipuzkoako metalgintza-enpresetan.

Hori dela-eta, ELAk baldintza duinak eskatzen jarraituko du, Gipuzkoako Metalgintzarako. Gogoan dugun hitzarmena tresna bat izan behar da langileen lan-baldintzak eta bizimodua hobetzeko, eta egundoko erasoa den Rajoyren erreforma Gipuzkoako Metalgintzan sartzen ez uzteko. Lan-erreformatik babesteko adibide garbiak dira ELAk azken asteotan sinatu dituen enpresa-hitzarmenak; horrela bai egiten zaiola aurre metalgileok jasaten dugun ugazaben erasoari