Nafarroako Gobernua

Ez du sektore publikoa indartzen autogobernuari uko egitea erabaki duelako

2023/03/16
ELAk prentsaurrekoa eman du Gobernuak kolektibo batzuei egindako soldata igoerek plantillako lan baldintzak hobetzeko duen marjina agerian utzi dutela salatzeko, eta langileria guztirako eskatu du KPIaren araberako soldata igoera.

Bukatzear dagoen legegintzaldi honetan, sindikatuak bi aldarrikapen nagusi izan ditu: batetik, behin-behinekotasuna murriztea kontsolidazio-prozesuen bidez, eta, bestetik, soldatak igotzea Nafarroako KPIaren arabera. Nafarroako Gobernuak gure eskaerak erabat baztertu ditu, lehenengo kasuan Madrildik datorren erreposizio-tasagatik eta, bigarrenean, Madrilen ere ezartzen den aurrekontu legearen mugagatik.

ELAk zalantzan jarri ditu Nafarroako Gobernuak mantra gisa errepikatzen dituen bi arrazoi horiek; izan ere, sindikatuak beti ulertu du autogobernua defendatzeko bideak zeudela, Nafarroak Estatuak ezarritakoa hobetu zezan. Baina gainera, azkeneko gertaerekin, Gobernuak argudiatutako arrazoiak nabarmen desmuntatu ditu Gobernuak berak.

Enplegu publikoa kontsolidatzearen inguruan, ELAk anbizio handiko proposamen bat zuen – eta du oraindik ere –, eta Nafarroako Funtzio Publikoari aurkeztu genion. Erantzun ziguten gure proposamenak talka egiten zuela erreposizio-tasak enplegu publikoa sortzeari ezartzen zizkion mugekin. Hau da, administrazioetan % 54ko behin-behinekotasun-tasa zegoen momentuan,, Nafarroako Gobernuaren erabakia izan zen inposatutako tasa baten araberako enplegua sortzea, ez gehiago. Eta azken bi urteotan salbuespenezko Lan Eskeintza Publikoak egon badira – Iceta Legea deiturikoaren ondorioz – eta erreposizio-tasa gainditzea ahalbidetzen duen araudi berria egon bada, ez da hemendik egin den autogobernuaren defentsagatik izan, baizik eta Estatuko Lege batek ezartzen zuena zorrotz betetzeagatik. Ondorioz, gaur egun ere, Estatuak markatzen du Nafarroako Foru Administrazioan zenbat erizain, mediku edo maistra egon behar diren.

Larria da norberaren beharren arabera gobernatzeko ezintasuna onartzea, baina larriagoa iruditzen zaigu Estatuko araudi bati buruz hitzegitea, hemengo eragile politikoek han eragiteko tarterik ez balute bezala. Langileen gastuaren topea eta erreposizio tasa urtero ezartzen dituen arau bakarra Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea da, azken urteotan PSOEk, EAJk eta EH-Bilduk negoziatu eta adostu dutena, besteak beste. Beraz, eragile berberek beste foro batean hartutako erabakiak dira Nafarroan langile publikoen baldintzak hobetu ahal izateko foru-eskumenik eza justifikatzeko balio dutenak.

Alderdi politikoek eragindako egoera kafkianoa ulertzea zaila bada, are zailagoa da Gobernuak dioena ulertzea, egiten duena kontrakoa denean. Gobernuak, dialektikoki, Nafarroak soldata kontuetan duen gaitasun faltaren defentsa sutsua egiten duen bitartean, berriki inpaktu ekonomikoa duten neurriak hartu ditu Foruzaingoan, Suhiltzaileetan eta Medikuetan. Adibide gisa, medikuen sindikatuak egindako presioagatik medikuek hilero jasoko dituzten 400 euroek erakusten dute borondate politikoa badago, plantillaren baldintza ekonomikoak hobetu daitezkeela. Horregatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Nafarroako KPIaren araberako soldata-igoerak aplika diezazkiela langile publiko guztiei. Egin dezaketelako.

Genero-ikuspegitik ere egin dezakete eta egin behar dute. Martxoaren 8a igaro berri denez eta Funtzio Publikoak Administraziorako Berdintasun Plana aurkeztu duenez, Administrazioan lanpostuak kontsolidatzeko eta soldatak igotzeko aldarrikapenak berretsi nahi ditugu, neurri feministak direlako. Planaren beraren diagnostikoak zehazten du genero-arrakala dagoela ordainsari-politiketan, eta behin-behinekotasunak modu espezifikoan eragiten diela emakumeei. Planaren helburua generoen arteko egiturazko diskriminazioak amaitzea bada, Administrazioak neurri zehatzak hartu beharko ditu soldata-arrakala desagerrarazteko. Baina Planak ez du hura desagerrarazteko neurri zehatzik jasotzen, eta Gobernuak ere ez du planteatzen ordainsari-politika feminista bat aurrera eramatea.

Legegintzaldia amaitzear dago, eta ikusten dugu Gobernuak premiaz ikusarazi behar duela langile publikoei mesede egingo dien neurriren bat aurrera ateratzen duela, are gehiago Administrazio osoko greba-egunaren ondoren eta aurki Osasunbidean eta Hezkuntzan egingo diren greben bezperetan. Baina Enplegatu Publikoaren Estatutuaren aldaketek, Medikuen Sindikatuarekin lortutako akordioak eta Funtzio Publikoak aurkeztutako Berdintasun Planak ez dituzte langile publikoen lan-baldintzak funtsean aldatuko. Eta Gobernuaren propaganda giro honetan, baita Gobernuaren eta EH Bilduren arteko adostasun giro honen aurrean ere, ELAk argitu nahi du lau urte hauetan langile publikoek eros ahalmen galera handia pairatu dutela, Administrazioaren behin-behinekotasuna % 50etik gorakoa dela oraindik ere, eta ez dela politika publiko feministarik aplikatu. Horiek dira gure zerbitzu publikoen etorkizuna zehaztuko duten gaiak, beraz, jar dezagun arreta hor eta izan gaitezen zorrotzak gai estrategiko hauetan hobekuntzak exigituz.