Ez enpresek, ezta aldundiak ere, ez dute ezer egiten Gipuzkoako errepideetako gatazka konpontze aldera

Greba horrek argi erakusten ditu Euskal Herriko administrazio publikoetako azpikontratazio-politikaren ondorio larriak, langileei dagokienez. Zerbitzua publikoa da, enpresa pribatuei azpikontratatua. Beraz, aldundia da zerbitzuaren arduraduna, bera arduratu da esleipenaz. Azken urteotan gero eta gutxiago ordaindu izan du, eginkizun bera egiteagatik, eta hori lan-baldintzak prekarizatzearen kontura joan da.
Lan-baldintzak arautuko dituen hitzarmen bat lortzea eskakizun nagusia. Izan ere, lan-baldintzak ez dira eguneratu sei urte luzetan, eta gainera arriskuan daude lan-erreformen ondorioz. Aldundiak edo Bidegik zuzenean kontratatzen dituzten langileen lan berdina egiten dute, baina soldatak %36 txikiagoak dira.Bestalde, lanaldiak 12 ordutik gorakoak dira, lan egiteko erritmoak gehiegizkoak, pertsonal urria dago eta prekarietatea nagusi da.
ELAren iritziz gatazkaren ardura nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei dagokie. Martxotik hona, batetik, Foru Aldundiko Azpiegitura saila gatazka ezkutatzen saiatu da, eta bestetik, Markel Olano Diputatu Nagusiak ezikusiarena egin du erabat. Oso larria deritzo gurean den grebarik luzeena dela eta Gipuzkoako agintari gorenak ezer esan ez izanari. Antza, ez zaio axola zerbitzu publiko hau zein lan-baldintzatan egiten duten.