EZ ISILDU, EZ ONARTU, ERANTZUN! (Astekaria 120, editoriala)

2003/11/25

Genero indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, emakumeen aurkako tratu txarren egileak, laguntzaileak eta arduradunak salatu nahi ditugu.

Nortzuk dira, bada, emakumeen aurkako indarkeriaren arduradunak eta laguntzaileak?

Argi dago indarkeria erabiltzen edo bultzatzen dutenak direla arduradun agerikoak, baina ez dira bakarrak, hor daude ere indarkeriarik badagoela jakin arren, hura ezkutatu, gorde eta toleratu egiten dutenak; eskumena izan arren baliabide juridikoak eta legezkoak, edo gizarte, kultura eta hezkuntza arlokoak baliatzen ez dituztenak genero-indarkeria behin betiko desagerrarazteko; morboa eta estatistika soilik ikusten dituztenak, datuen atzean dauden pertsonak barik; arlo sozial eta ekonomikoan, indarkeriaren biktimak babes barik utzi eta erasotzailea babesten dutenak; emakumeei lan eta etxebizitza duinak izatea eragozten dietenak; independentzia ekonomikoa ukatzen dietenak; edozein esparrutan jazarpen sexual edo psikologikoa erabiltzen dutenak...

Bortizkeriaren kontzeptua zabala, estrukturala da, eta gizarte osoari dagokion arazoa ere bada. Ez dugu zifra eta estatistika odoltsu gehiagorik nahi, ez dugu indarkeria gehiagorik nahi. Ez dezagun onartu eraso bakar bat ere. Gizarteari eta erakunde publikoei konponbideak eta begirunea galdegiten diegu.

Inor biktima izan ez dadin, Inor laguntzaile izan ez gaitezen. Horrexegatik, mundu osoan bizi den egoera hau salatzeko, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak antolatu ditugu plataforma desberdinek:

Bilbo: 19.30tan, Arriaga plazan.
Donostia: 19.30tan Boulevardean.
Gasteiz: 20.00retan Amabirgin Zurian.
Iruñea: 20.00retan Sarasate Pasealekuan.