Ezin da onartu pentsioak jeistearekin batera enpresek kotizazioak ez ordaintzea

2011/02/11
Madrilen Ministro Kontseiluak otsailaren 11an onartu duen Premiazko Planaren aurka agertu da ELA. Izan ere, harritzekoa da honelako erabakiak hartzea, pentsio-sistema publikoaren estaldura zeharo murrizten ari direnean

Gaurko plan honekin sistemaren baliabideak gutxitu egingo dira (enpresek gizarte-kotizaziorik ez ordaintzeko aukera ematen baitu), alde batetik, eta bestetik, lanaldi partzialeko enplegua sustatuko da, hots, pentsioen erreformari esker erretiro duina izateko aukera ia ezinezko egingo duen enplegu mota.

Gaur Ministro Kontseiluan onartu dutenarekin legean jaso da Itun Sozial eta Ekonomikoan (ISE) aurreikusita zegoena. Gai honetan, pentsioetan bezala, CCOOek eta UGTk aldarrikatu zituzten marra gorri guztiak irentsi dituzte. ISE sinatu baino lehenago zioten onartu ezinekoa zela gobernuaren asmoa (lanaldi partzialeko kontratuak eta aldi baterakoak diruz laguntzea). Bada, horixe ebatzi du gaur gobernuak, eta hori bera zegoen ISEn.

Bestalde, Gobernuak erabaki du ere 426 euroko laguntza amaituta, Efektu Anitzen Errentako Adierazle Publikoaren (IPREM) %75eko laguntza (hots, 399,4 euro) gehienez 6 hilabeterako emateko aukera jasotzen duen programa bati ekitea. Honi dagokionez, ELAk ohartarazi nahi du hau aurrekoa baino murritzagoa dela, eta emango dituen diru-sarrerak lehengoak baino eskasagoak izango direla. Hitz gutxitan, Zapateroren Gobernua ezartzen ari den eskubide sozialak murrizteko politikari babesa ematen zaio.