Ezin dute pribatizatu Kutxabank laguntza sindikalik gabe: zer egingo dute CCOOk eta Pixkanaka sindikatuek ?

2014/04/01
ELAtik eskatzen diegu CCOOi eta Pixkanakari, oraingo honetan, pribatizazio-prozesuari aurka egiteko, presidentearen kalitate-botoa eragotziz.

Lehenengo eta behin, garrantzizkoa da jakitea erakundearen egituran eragina duten erabakiak hartzeko, beharrezkoa dela kutxa bakoitzeko administrazio-kontseiluak horrelako erabakiak ontzat ematea, eta kutxa bakoitzeko biltzarretan hori berrestea. Gobernu-organoen osaera zein den ikusita, erabakigarria izango da Kutxako Administrazio Kontseiluan gertatuko dena.

Gaur egun Kutxako Kontseilua 14 kidez osaturik dago (DYAk uko egin dio zegokionari, eta ez du ordezteko asmorik):

  • PNVk 3, eta PSEk 2: guztira 5.

  • Bilduk: guztira 7.

  • CCOOek 1, eta Pixkanakak 1: guztira 2.

PNV eta PSE prozesuaren aldekoak dira (PSE, Kutxabank-eko Kontseiluan sartzearen truke, eta CAFen); PP ere bai, baina ez dago Kutxako Kontseiluan. Hala adierazi dute Legebiltzarrean haien taldeek.

Bildu, oraingo aldi honetan, pribatizazioaren aurkakoa da.

Euskal kutxak pribatizatzeko prozesua 2011n hasi zenetik CCOO eta Pixkanaka sindikatuek Zuzendaritzaren erabaki guztien alde bozkatu dute, eta DYAk abstentzioa egiten zuenez, presidentearen kalitate-botoa erabakigarria zen.

Matematika ez da nahasgarria, CCOOek eta Pixkanakak aurka bozkatzen baldin badute, presidenteak ezin du kalitate-botorik eman. PNVk eta PSEk ez dute gehiengo nahikorik, eta Kutxabankeko Zuzendaritzak beste irtenbide bat bilatu beharko luke.

Arestiko ibilbidea ikusita, ELAk dei egiten die sindikatu biei kutxak pribatizatzeari ezetz esan diezaioten, hainbat arrazoi dela-eta:

  1. Gizarte osoaren, langileriaren eta bereziki Kutxabankeko enplegatuen interesen kontrakoa da. Pribatizazioaren esangura negozio bilatzea eta etekinak ugaltzea da; horretarako, enplegua suntsitu behar bada, eta lan-baldintzak prekarizatu, akziodunek egin egingo dute. Ikusi besterik ez dago bankan nola egiten diren gauzak. Izatez, azken lau urteotan, Kutxabankek 900 lanpostu inguru suntsitu ditu Hego Euskal Herrian.

  1. Erakundea urrunago geratuko da kontrol publikotik, gizarte-ekintzan egiten den inbertsioa mugatuko da, eta kutxen ezaugarri zen gure herrialdearekiko atxikimendua ezabatuko da; eta horrek eragin guztiz kaltegarria ekarriko die EAEko ekoizpen-sareari, gizarte-ekintzari eta ekonomia errealari.

Elite ekonomiko eta politiko batek kapital pribatuaren eskuetan utzi nahi du ehun urtetik gorako erakunde bat, denon aurrezkiekin jasotako erakundea. Baina bipiltze hori eragozteko aukera ezin dugu galdu, gure esku dago tinko eskatzea.