Ezinbestekoa da azpikontraten eta enpresa nagusien arteko koordinazioa segurtasuna bermatzeko

2007/11/14
Elorrioko enpresa batean leherketa gertatu da gaur goizean; eztandaren ondorioz, behargin bat hil egin da erredurengatik eta beste lau langile zauritu egin dira. Tamalez, segurtasun neurri egokiak hartzen ez direnean istripu larriak gertatzen direla erakutsi digu berriro ere goizeko ezbeharrak.

Janire Dominguez, ELAko lan osasunaren arduradunaren hitzetan, ezinbestekoa da azpikontraten eta enpresa nagusiaren arteko koordinazioa segurtasuna bermatzeko. Dominguezek gogoratu du lan istripuen kopurua onartezina dela gurean.

Deialdia

ELAk kontzentrazioa deitu du datorren ostiraleko, azaroak 16, goizeko 10,30tan. Bilkuraren helburua Elorrion izandako ezbeharra salatzea da. ELAk bertan parte hartzeko deia luzatu nahi du.