Ezinbestekoa da herri-erakundeek ontzigintza alorra suspertzea

2013/07/17
Europako Batasunak, ontzigintzaren aldeko diru-laguntzak legez kanpokotzat jotzean, beste eraso bat egin dio europar industriari. Europatik ezarri, eta Madrilgo zein Gasteizko gobernuek begirunez onesten dituzten politika neoliberalek akabatu egingo dute azkenean estatu espainoleko ontzigintza.

Ontzigintza sektore estrategikoa da, eta beraz arlo publikoak bermatu beharko lizkioke finantzabidea eta jarduera. Azken hamarkadetan sektore horrek pribatizazioak eta enplegu-galera izugarria jasan behar izan ditu. Gogoratu beharrekoak dira gertaera-segida horren zergatiak: PSOE eta PP gobernuen erabakiak, PNVren utzikeria, eta CCOO eta UGTren adostasuna.

Europako Batasunaren azken erabaki hori haratago doa, eta sastakaia izan daiteke sektorerako. ELAren ikuspegitik Europako Batasunetik kanpoko ontzi-egileak, asiarrak batik bat, pozarren egongo dira, Batzordeak bere industriarekin berarekin egiten ari den harakiria ikustean.

ELAren ustez norabidea 180ºtan aldatu beharra dago, eta politika neoliberalak betiko kanporatu, ez baitigute ezer ekarri, gizarteak desegituratzea, langabezia ugaltzea eta lazeria hedatzea baino. 

Ezinbestekoa da herri-erakundeek politika industrialak suspertzea, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzeari begira. Hori bai dela lehentasunezkoa, eta ez dirua eurrez oparitzea finantza-erakundeei.