Ezkutuko EREa gauzatzen ari da irakaskuntza publikoan

2011/10/20
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen iritziz, 2011-2012 ikasturtearen hasierak ez du berritasunik ekarri EAEko irakaskuntza publikora: murrizketa politikari jarraipena eman dio Hezkuntza Sailak. Bigarren urtez errepikatu ditu neurri murriztaileak, optimizazioa eta baliabideen erabilera egokia bezalako hitzekin estali nahi badute ere.

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak berak erabaki dituzten politika ekonomikoak daude neurri hauen oinarrian, noski, eta, bereziki, 2010ean Hezkuntza Sailak berak irakasleen ordezkaritzaren gutxienekoa duten sindikatuekin inposatutako lan akordioak ezartzen dituen planifikazio mailako neurriak, hain zuzen ere.

Ikastetxeetako klaustroen eta irakasleen ardurak etengabe handitzen jarraitzen dute, gero eta arazo gehiago dago ikastetxeetan ardura guztiei heltzeko, ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitateren maila mantentzeko, ikastetxeetako proiektuei aurre egiteko eta formazioa eta ikastetxearen antolaketa oinarrizko parametro egokitan garatzeko.

Matrikulak izan duen gorakadari aurre egiteko beharrekoak diren baliabideak ez zaizkio erantsi orain arteko plantillari; ikasle kopuruak gora egin duen neurri berean ez da handitu irakasle kopurua. Honek bigarren urtez jarraian ekarri du baliabide mailako galera.

Zer esanik ez ordezkoen lan baldintzek jasaten ari diren okertze prozesu izugarria. Gero eta beranduago eta  gero eta lan gutxiago eskaintzen zaie. Ezkutuko EREa gauzatzen ari da.

Ozdezkapenak betetzeko araudiak zuzen zuzenean kaltetzen dio hezkuntza kalitateari. Nola deitu, bestela, kasu askotan ikasleak ordezko irakaslerik gabe 5 egun edo gehiago pasatu behar izatea?

Hala ere, egunerokoari aurre egiten zaio ikastetxeetan, jakinda ere, ikasleek zuzenean jasotzen duten arreta kaltetzen dutela neurri murriztaile hauek, proiektuak era mugatuan garatzen direla eta irakasle askoren borondatezko lana dela, kasu askotan, aurrera egiteko oinarri nagusietako bat.

Jakina ez direla gure irakaskuntza publikoan ezarri inguru hurbilean ezartzen ari diren mailako neurriak! Baina horrek ezin du estali ematen ari diren murrizketak, ezta hauen eragina.

Zoritxarrez irakasleak ez gara izan murrizketa hauek pairatu ditugun langile bakarrak. Hezkuntzan lan egiten dugun langile guztiok pairatu ditugu, oinarrian hezkuntzaren zerbitzu publiko izaera bera kolokan jartzen duen erabakien aurrean baikaude eta bide horretan hezkuntzan lan egiten dugun langile guztion lan baldintzak ari dira erasotzen.

Badugu nahiko motibo irakaskuntza publikoan mobilizatzeko, protestatzeko, gure haserrea adierazteko, murrizketak ez ditugulako onartzen, eta, orain arte egin dugun bezala, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa indartzea aldarrikatzen dugulako. Berretsi nahi dugu administrazioari negoziazioak irekitzeko exijitzen diogula eta eskaera oso zehatzak ere jarri ditugula mahai gainean, besteak beste, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea edota erretiro baldintzetan diskriminaziorik ez izatea.

Aurreko guztiaren harira, STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuok dei egiten diegu irakaskuntza publikoko irakasle guztiei, hezkuntzako gainontzeko langileekin batera datorren urriaren 27an deituko diren mobilizazioetan parte har dezaten, guztion indarrak beharrezkoak baitira, egoerari aurre egiteko. Salaketa eta protesta dinamika honi jarraipena emanez, ekimen ezberdinak burutuko ditugu ondorengo egunetan benetako negoziazioak lortu arte.