Familiaren Laguntzarako bigarren Planarentzeko aurrekontuen esfortzu handiagoa egitea eskatzen du ELAk

2005/11/04

Eusko Jaurlaritzaren sailburu Joseba Azkarragak abenduan Familiaren bigarren Plana onartuko dela iragarri du. Horren aurrean, ELAren gizarte politikako arduradun Mikel Novalek honako hau adierazi nahi du:

Lehenik eta behin, ez dago aurrekontuetan lehen seme-alabarentzako laguntzak orokortzeko adina oinarririk. ELAk behin eta berriz aldarrikatu du zuzeneko laguntza hauek izaera unibertsala izan behar dutela, eta laguntza hauen iraupena hainbat urtetakoa izan behar dela. Gaur egun, laguntzen egoera barregarria da, ez dagoelako lehen seme-alabarentzako laguntza zuzenik, eta bigarren seme-alabaren jaiotzarekin laguntza zehatzak ematen dira soilik.

Eusko Jaurlaritzak planaren zirriborro bat aurkeztu beharko luke, eta gizarteak eztabaidatu dezan jarri. Hala ere, ez dirudi hori Jaurlaritzaren asmoa denik; hainbat urterako hurrengo plana abenduan onartzeko asmoa dago, lehenago gizartearekin eztabaidatu gabe. Gizartearen parte hartze eza atzerakada bat da formetan ere, Familiaren Laguntzarako lehenengo Planarekin egin zenarekin alderatuta.

Planaren inguruan, ez da onargarria Gobernuak 0 eta 2 urte bitarteko seme-alabak baztertzea, bere garapena borondate politikoaren eta herrien ahalbide ekonomikoen esku gelditzen delarik. Politika honen ondorioz, ez dago sare publikoan adina tokirik, ez eta eskaintza bete ahal izango den aurreikuspenik ere. Era berean, sare pribatuaren garapena bultzatzen da. Seme-alabak dituzten edozein familiarentzako laguntzek 0 eta 3 urte bitarteko sare publikoko eskaintza bermatu beharko luke.

Azkenik, Mikel Novalen ustez Eusko Jaurlaritzari titular gutxiago bilatzeko deia egin behar zaio, eta, era berean, gizartearen beharrei asetzeko aurrekontuetan ahalegin handiagoa egitea.