Faustino Orbegozo zahar-etxeko grebalarien aldeko manifestazioan pribatizazio politika salatu da

2008/05/09
Ehundaka pertsonek parte hartu dute Donostian Faustino Orbegozo zahar-etxeko langileen aldeko manifestazioan. Langileek ia hiru hilabete daramate greban euren lan baldintza eta soldatak mantentzea eskatuz. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioak soldatak urtean sei mila eurotan murriztu nahi dizkiete eta, aldiz, lan ordutegia 80 ordutan luzatu erresidentzia pribatizatzeko aitzakiarekin.

Orbegozo ManifaManifestazioaren aurretik hiza hartu dute Gipuzkoa enparantzan Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren ondokoak eta Idoia Elustondo arlo honetako arduradunak, erakunde publikoen jarrera salatzeko.

Muñozen esanetan Gipuzkoako Diputazioak plangintza zehatza du esku artean lurralde honetako zahar –etxeak pribatizatzeko eta aurre ez baldin bazaio egiten Faustino Orbegozoren atzetik beste batzu etorriko dira. “Kapitalismorik basatiena babesten dute administrazioek. Ez dira arduratzen zerbitzu onak emateaz, helburua negozioa egitea da”, azpimarratu du.

Bestalde, bai Diputatu nagusiak, bai ongizate diputatuak hitza ez dutela bete salatu du. “Denbora honetan, langileak kontutan hartu gabe aritu dira, langileen etorkizuna ez baitzaie interesatzen”.

Era honetan, Idoia Elustondok Diputazioaren jarrera gogor kritikatu du. “Soldatak murriztu, ordutegia luzatu, lan baldintzak txartu. Hori da 20 urte daramaten langileei eskaini zaien alternatiba bakarra. Bien bitartean, empresa berriari subentzio galantak emango dizkiote, negozioa borobila izan dadin”.