Faxismoaren aurkako batasuna eta herrien burujabetzaren alde
Adierazpenak eskuin muturraren eta indar neofaxisten nazioarteko hazkundean jartzen du fokoa, eta erantzun kolektiboak artikulatzeko beharra nabarmentzen du esparru sindikal, sozial eta politikoetan, nazioarteko lankidetza indartuz eta eskubide sozial, laboral eta kolektiboen defentsa sendotuz.
Konferentziaren baitan, ELAk aktiboki parte hartu du hainbat eztabaida eta hausnarketa gunetan. Horien artean, “Langileen aurrez aurreko borroka neoliberalismoaren eta faxismoaren aurka” izeneko hitzaldi nagusian, beste sindikatu eta erakunde politikoekin batera, non sindikalismoaren funtsezko rola azpimarratu da dinamika autoritarioei aurre egiteko.
Halaber, CADTMk bultzatutako beste jarduera batzuetan ere parte hartu du, non “Internazional neofaxista” aztertu den, eta baita “Herrien Eskubide Kolektiboen ekarpena faxismoaren aurkako borroka globalean” izeneko gogoeta gunean ere, Estaturik gabeko nazioetako beste erakundeekin batera. Bertan nabarmendu da eskubide kolektiboak eta burujabetza funtsezko tresnak direla langile klasearen baldintza materialak hobetzeko.
Era berean, konferentzia honetan parte hartzeak ELAri aukera eman dio beste sindikatu eta mugimendu politikoekin aliantzak ehuntzeko, bai estatu mailan bai nazioartean, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko ezinbestekoak diren lankidetza sareak indartuz.
ELAk, horrela, berretsi egiten du bere konpromisoa faxismoaren aurkako borrokan eta herrien eskubideetan oinarritutako gizarte justuago eta demokratikoago baten eraikuntzan.