Feminizatutako sektoreek Bilbo lasterka zeharkatu dute soldata arrakalarekin amaitzeko

2022/06/01
ELAko dozenaka ordezkarik eta sektore feminizatuetako langileek mobilizazio ibiltari batean parte hartu dute, soldata-arrakalarekin amaitzeko eta sektore horietako lan-eskubideak defendatzeko beharra gizarteratzeko. Ekitaldia hasi zen Pio Baroja plazan (Bilbo) eta barrualdeko garbiketako, merkataritzako, telemarketineko eta kolektibitateetako langileek hartu dute parte.

Goizean zehar, kirol-lasterketaren simulazioa egin da, eta geldialdiak egin dira hainbat alderdi politiko eta erakunderen egoitzetan, hala nola Podemos-Ahal Dugu, EH Bildu, EAJ eta Eudel. Geldialdi horien arrazoia bere burua feministatzat duen klase politiko baten hizkera bikoitza salatzea da: gizon eta emakumeen arteko arrakalaren aurka agertzen dira, harik eta, zuzenean edo zeharka, tokatzen zaion arte; orduan, edukirik gabeko adierazpen instituzionalak egitera mugatzen dira.

Baina ez hori bakarrik: haiek funtsezkotzat jotzen dituzten zerbitzuetan gatazkak luzatzen direnean, zerbitzu minimo gero eta altuagoak ezartzen dituzte, praktikan greba-eskubidea eragozteko eta gatazka ikusezin bihurtzeko. Halaber, erakunde edo alderdi horietako bakoitzari gutun bana eman zaio.

Soldata-arrakalaren aurkako lasterketa honen helburua Confebasken aurrean zegoen. Bertan, Mari Cruz Elkorok (ELA-Zerbitzuetako idazkari nagusia) nabarmendu du “diskriminazioarekin, prekarietatearekin, esplotazioarekin, soldata baxuekin eta lanaldi partzialekin amaitzeko antolatzen diren emakumeak muturreko beligerantziarekin tratatzen direla. Eta dena esateko ez dugu alde handirik ikusten eskuineko alderdien eta beren burua ezkerrekotzat dutenen artean. Ez dago alderik, bestela, Gorliz, Bermeo, Elorrio edo Ermuko langileei galdetzea, sigla desberdinek gobernatzen dute, baina politika bera eta beligerantzia bera pairatzen dugu. Eta horrek, batez ere ezkerreko espazioetan, hausnarketarako arrazoi izan beharko luke”.

Barrualdeko garbitzean, emakumeek % 45eko soldata-arrakala jasaten dute, bide-garbiketan lan egiten duten beren lankide gizonekiko. Soldata-arrakala hori, soldatan ez ezik, lanaldietan ere nabaritzen da. Sektore maskulinizatu gehienek lanaldi osoak dituzte, eta sektore feminizatuetan lanaldi partzialak dira ugarienak.

Horregatik, ELAk erabaki du aipatutako sektoreen arteko ekintza bateratu bat egitea eta datozen urteetan sindikatuaren negoziazio kolektiboaren helburu nagusian jartzea: emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitzea eta sektore feminizatuak duintzea.