Feu Vert-eko langileak, lan-baldintza duinak eskatuz, 5 hilabete greban

Feu Vert-eko langileak, lan-baldintza duinak eskatuz, greban hasi zirenetik ia bost hilabete igaro dira. Hamar urte baino gehiago daramatzate euren lehengo eskubideen aldeko borrokan, enpresak kolpe batez kendu baitzizkieten. Kontratatutako langileok Metal-merkataritzaren Bizkaiko Hitzarmenaren babespean zeuden. Baina gero, beste zentro batzuk ireki ahala (Artea, Bilbondo eta Portugalete), enpresak beste hitzarmen bat aplikatzea erabaki zuen: Estatuko Erostetxe Handietako Hitzarmena. Orduan, estatu-mailako hitzarmen guztiekin gertatzen den bezala, plantillaren lan-baldintzak okertu ziren. Feu Vert kotxeen mantenimeduaz arduratzen da.
Bidegabekeria hori salatu zuten, eta hiru urteko borroka izan ondoren, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die, baina enpresa tematu da eskubide horiek ez onartzen; eta horregatik erabaki dute grebara jotzea, eta euren lan-egoera jasotzen duen enpresa-hitzarmen baten alde borrokatzea.
"Ordutik hona enpresak, ezta eseri ere, ez du egin, eskakizunak entzuteko, eta gure eskakizunak ez dira besterik lehen geneukana berreskuratzea baino. Enpresatik jaso ditugun erantzunak hauek izan dira: salaketa penalak (eranskailuak itsasteagatik, bezeroei gure egoeraren berri emateagatik, eta haien laguntza eskatzeagatik), langile-kaleratzeak, eta grebalariak legez kontra ordeztea", azaldu dute, .
Bestalde, grebalariak legez kontra ordezteagatik salaketa ugari jarri ziren Lan Ikuskaritzan, eta bitartean ia bost hilabete igaro badira ere, Ikuskaritzak ez du oraindik horren gaineko ebazpenik eman.