FIASAko enpresa batzordeak salatu du langile batek jasan duen jazarpen eta abusua eta enpresak egoera ezkutatu izana

2022/01/19
ELA, LAB eta UGTk osatutako enpresa batzordeak salatu du urteetan FIASAko langile batek pairatu duen abusua eta jazarpena. Langraitzen kokatutako lantokia da, eta 300 langiletik gora ditu. Bertako goi arduradun batek jazarri du lankide bat, eta langileak egoera salatu arren, enpresak ez du inolako neurririk hartu abusatzailearen aurka.

Gertakariak 2017an hasi ziren; orduan hasi zen goi kargu hori lankide bati jazartzen eta sexu-abusuak egiten. Emakumeak eraso psikologiko eta fisikoak jasan ditu, baita esaldi sexistak ere, mezu sexualak, sexu-abusua lanpostuan, etab. Enpresa batzordeak egoera hori salatu eta erabat gaitzetsi du. Kasua lan auzibidean eta penalean salatuta dago; penalean auzi saioaren zain. FIASAk, ordea, arduragabekeriaz jokatzen jarraitzen du sexu-jazarpen kasu oso larriaren aurrean.

2020an, langilea eszedentzian eta enpresatik kanpo zela, zuzendaritzari pairatutako egoeraren berri eman zion, eta zuzendaritzak emakumeari esan zion laneko jazarpenaren kontrako protokolo bati ekingo ziola, ez egoerak eskatzen zuen sexu-jazarpeneko protokoloa. Alabaina, enpresa batzordeak ez du halako jazarpen protokoloren berri izan. Areago, ustez protokoloa abiatu zenean ere, enpresa batzordeak ez zuen inolako jakinarazpenik jaso. Erasoak jasan dituen lankideagatik izan ez balitz, enpresa batzordeak ez zukeen gertatutakoa ezagutuko, ez eta FIASAk egin zuena ere.

Zuzendaritzak salatutako erasoen aurka hartutako “erabaki” bakarra izan zen gure lankidea lanpostuz eta funtzioz aldatzea; bitartean, erasotzaileak bere baldintzei eta estatusari eutsi zien. Hori gutxi ez, eta erasotzaileari zuzendaritzan postu bat eman dio enpresak. Horregatik, enpresaren jokabidea gaitzetsi behar da, erasoa jasan duen lankidearentzat erabat bortitza izan dena.

Gainera, hainbat hilabetez lankidea bakartuta eta kaltetuta izan ondoren, 2021eko irailean zuzendaritzak erabaki zuen lantoki berean erasotzailea eta biktima berriro elkartzea. Ez dauka inongo justifikaziorik eta erakusten du garrantzia kentzen zaiola auzi oso larri honi, alegia, sexu-jazarpenari. Hartu beharreko erabakiak hartu ez, eta langilea abusuen menpe utzi dute berriro.

Horregatik, egoera oso larria izanik, enpresa batzordeak FIASAri honako hau galdegiten dio:
Eperik laburrenean lantokirako berdintasun plan bat egitea; sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontrako protokolo eraginkor bat jasoko duena, langileekin negoziatu ondoren, neurri zehatzak izango dituena.
FIASAk ardurak argitzeko prozedura martxan jarri dezala, enpresa gisa kasua ezkutatu duelako eta erasotzaileari buruz. Gure lan hitzarmenak diziplina erregimen argia du. Ez dugu onartuko hain kasu larria halako arinkeriaz hartzea.

Aste honetan langileen batzarra deitu dugu gertatu denaren berri emateko; horiek salatzeko enpresa batzordeak bultzatuko dituen ekintzak eta dinamika azalduko ditugu.