Fibertecnicen hornitzaile den Auxia08ko langileek protesta egingo dute kaleratzeak salatzeko

2021/09/28
Jundizen dagoen Auxia08ko langileak bihar, hilak 29, protesta egingo dute Fibertecnic lantegiaren aurrean, enpresak erabakitako kaleratzeak eta Lan Erregulazio Espedientea (LEE) salatzeko. Auxia08 enpresak osagai aeronautikoak ekoizten ditu Fibertecnicentzat -Aernnova taldeko enpresa-, eta hau da gaur duen bezero bakarra. Langileei bost hilabeteko lansaria zor diete eta LEE bat egin du langile horientzat, zergati ekonomikoen aitzakiapean.

ELAk eta LABek uste dute kaleratze horiek ez daudela justifikatuta, izan ere, Fibertecnicen salmentak jaitsi dira, baina etekinak ditu oraindik eta dibidendoak banatzen ari da; ondorioz, Auxia08ren jarduerari ez lioke erasan behar.

Egoera ikusirik, sindikatuek bi agerraldi deitu dituzte; lehena bihar, hilak 29, eguerdiko ordubatean, eta urriaren 1ean Fibertecnicen lantegi aurrean, Gasteizen.