Finantzen Euskal Kontseiluko bilerak agerian utzi du EAJ, PSE eta PPk sinatu duten hitzarmena iruzur sozial bat dela

2013/10/16
Finantzen Euskal Kontseiluak (FEK), zeinetako kide baitira Eusko Jaurlaritza eta EAEko hiru Foru-Aldundiak, atzoko bileran 2014an zergatan biltzea espero duten diru kopurua finkatu zuen. Oraingoan ere beharrizan sozialak ez dira osatuko, eta administrazioei eutsi egingo diote ezartzen ari diren murrizte politikari.

 

Finantzen Euskal Kontseiluak (FEK), zeinetako kide baitira Eusko Jaurlaritza eta EAEko hiru Foru-Aldundiak, atzoko bileran 2014an zergatan biltzea espero duten diru kopurua finkatu zuen. Aurreikuspenak nabarmendu du, ELAk lehenago salatu zuen moduan, EAJren, PSEren eta PPren artean sinatu zuten akordioak inondik ere ez direla iritsiko beharrizan sozialak asetzeko behar diren diru-sarrerak:

  • FEKak estimatu du datorren urtean EAEn 2013an baino 499 milioi euro bilduko dela. Kopuru honetatik 328 milioi BEZari eta Zerga Bereziei dagozkie.

  • EAJk, PSEk eta PPk hitzartu duten erreforma fiskala PFEZari eta Sozietateen Zergari buruzkoa da. Bada, atzo erabaki zenaren arabera, 2014an Sozietateen Zerga bidez bilduko den kopurua jaitsi egingo da, eta PFEZari dagokion zenbatekoa 174 milioi euro gehiago besterik ez da gehituko.

  • Horrenbestez, nabarmena da hitzartu den erreformaren ondorioa oso txikia izango dela, eta egungo zerga-politika injustuari eusten zaiola; izan ere, politika honetxek ematen du dagoen iruzur fiskal itzela egiteko aukera, eta zerga maila apala ezartzen die errenta altuei, enpresei eta kapitalari.

Oraingoan ere beharrizan sozialak ez dira osatuko, eta administrazioei eutsi egingo diote ezartzen ari diren murrizte politikari. Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera eraman eta bozketa galduta bertan behera utzi behar izan zuen aurrekontu-proiektuan 2012 urtearekiko 900 milioi gutxiago aurreikusi zituen. FEKaren datuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren diru-sarrerak 2014an aurtengoen aldean 350 milioi besterik ez dira gehituko, hots, 2014ko aurrekontu-proiektuko gastu maila 2012koa baino askoz ere apalagoa izango da.

Horregatik, ELAk Foru-Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen die zerga- eta aurrekontu-politika erabat alda dezatela, aurre egite aldera egoera larri honi: langabezia, pobrezia eta desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira. Haatik, hartutako erabakiek kontrakoa adierazten dute. FEKaren bilera ostean emandako irudiak islatzen du egungo politikarekin oso gustora daudela, eta horiek dituzten ondorio txarrak ahaztu egiten dituztela.