Productos Naturales De La Vega (Lodosa)
Hitzarmena sinatu dute KPIa eta %12ko baino gehiagoko soldata igoera bermatuz eta lanaldia murriztuz
Productos Naturales de la Vega Lodosako enpresa bat da. 150 pertsona inguruk egiten dute lan bertan, eta saltsak eta kontsumorako prest dauden entsaladillak egiten dituzte.
Egun hauetan, lan baldintzak nabarmen hobetzen dituen enpresa hitzarmena sinatu da, eta akordioa enpresa batzorde osoak berretsi du, non ELAk gehiengoa duen (ELAko 5 ordezkari eta UGTko 4 daude).
Hitzarmenak soldata igoera handiak jasotzen ditu: % 3,3 2023. urterako, % 3 gutxienez 2024rako, KPIa + % 0,75 bermatuz, eta % 3 gutxienez 2025ean eta 2026an, KPIa + % 1 bermatuz. Gainera, lanaldia hiru egunetan murrizten da (urte bakoitzeko egun bat 2024, 2025 eta 2026an), atsedenaldiak, plusak, bajen osagarria eta kategoriak hobetzen dira ere, besteak beste.
Hitzarmenak bere aplikazioa bermatzen du, ultraaktibitate mugagabeko klausulak jasotzen baititu (horrek bermatzen du aplikatzen jarraituko dela haren indarraldia amaitutakoan ere), eta eragotzi egiten du enpresak aldebakarrez hitzarmena aplikatzeari uztea.
Hitzarmen honen bidez, Productos Naturales de la Vegako plantillak nabarmen hobetzen ditu kontserba orokorren estatuko hitzarmenak ezartzen dituen lan baldintzak. Hitzarmen hori da, hain zuzen, sektore honetan indarrean dagoena, eta baldintza guztiz prekarioak ezartzen ditu, baita Nafarroako langileei ere.
ELAk ordezkarien ahalegina eta konpromisoa azpimarratu ditu, baita langileen inplikazioa ere akordioa lortzeko negoziazio luze eta zailaren ondoren.