Formicako langileek, muga jakinik gabeko greban, lanpostuen aldeko itxialdiari ekin diote
Itxialdian parte hartuko duen langileen bigarren txanda gaur goizean sartu da lantegira, eta 48 ordu egingo ditu bertan. Ondoren, beste langile talde baten txanda izango da, eta protesta amaitzeko ez dago epemuga jakinik. Ekintza hau mobilizazio sail baten barnean ari dira egiten, enpresa ixtea eragotzi eta enplegua zein ia 200 familiaren etorkizuna defenditze aldera.
Ostegunean, hilak 20, bilkura eta eserialdia egingo dute Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza aurrean. Ostiralean, hilak 21, langileak Madrilera joango dira eta Zelanda Berriko enbaxadaren aurrean egingo dute agerraldia, multinazionalaren egoitza nagusia herri hartan baitago. Han enbaxadorearekin biltzeko saioa egingo dute, beren eskariak helarazteko. Larunbatean, hilak 22, Formicako langileek Bilbon greba orokorra dela-eta deituta dagoen manifestazioan parte hartuko dute. Datorren astean, oraindik zehazteke dagoen egunean, eserialdi bat egingo dute Guggenheim museoaren aurrean.
Asteartean, hilak 25, multinazionaleko enpresa-batzorde europarra bilduko da. Formica-Galdakaoko enpresa-batzordeko burua ere han izango da, eta lantegi hau ixteko ahalegina salatuko du; Europako gainerako lankideen babesa lortzen saiatuko da ere.
Formicako langileek kargu hartu diote Lan sailari, izan ere, multinazionalaren aurrean erabat salduta utzi baititu. Enpresa-batzordeak berriro esan duenez, ez dago lantegia ixteko arrazoirik, eta agerian geratu da azken erreforma laboralaren helburua: enplegua suntsitu eta kalteordainak merkatzea.
Horregatik, Formicako beharginek aurreratu dute lanpostuen defentsan azkeneraino borrokatzeko asmoa dutela: “Bide juridikoaz gainera, borroka, greba eta mobilizazioa baitira gure lanpostuak mantentzeko aukera bakarra”.