Francok ondo lotuta utzi zuena amai behar da
Egitura politika haren oinarriek –monarkia bera, amaiera puntuko legea, bipartidismoa, aniztasun nazionalaren onarpen eza, Eliza katolikoaren pribilegioak...– gaur krisi sakona bizi dute. Azken urteotan krisi ekonomikoa, gainbehera demokratikoa eta ustelkeria nagusi izan dira, baina baita mobilizazio sozial, politizazio eta herritarren ahalduntze handikoak; honek posible egin du orain benetako lurrikara instituzional eta politikoa gertatzea.
Egoera bero honetan abdikazio prozesua komenientziaz azkartu egin dute, PP eta PSOEren arteko itunak bermatzen duen “Espainia konstituzionala” delako hori beldur baita etorkizunean Koroari eusteko moduko gehiengo parlamentarioa galduko ote duen. Horrela, berriz ere, herritarrei galarazi egiten diete -trantsizioan gertatu zen bezala- erabakitzeko eta eztabaidatzeko aukera sistema politiko espainiarreko auzi nagusiei buruz. Orduan Francok inposatu zuen, eta orain Rajoyk eta Rubalcabak gauza bera egin nahi dute.
Trantsizio politiko izenekoa -eredugarri izan omen zena- benetan indar demokratiko eta klase xeheentzako tratu penagarria izan zen. Herritar xeheak, indar-erlazioa oso kontra zeukatelarik, ezarritako baldintzetara makurtzera behartu zituzten. Baldintzetako lehena monarkiaren berrezarpena izan zen, Francok agindua eta bere heriotzetik bi egunetara gauzatu zena. Konstituzioak sagaratzen duen erregearen “ardura ezak”, lau hamarkadaz luzatu den propaganda nazkagarriarekin batera, estatuburua aberastea eta bera ukitu duten ustelkeria kasuak gertatzea ahalbidetu zuen, baita nazioartean diktadore odoltsuekiko harremana ere. ELAk uste du espainiar parlamentuan abdikazio lege organikoak jasoko duen %90eko babesa oso urrun dagoela herritarren artean erregimen monarkikoak eta egungo sistema politikoaren beste oinarriek duten onarpen mailatik. Sistema honek ezin dio aurrerantzean ezikusiarena egin erregenerazio demokratikoaren behar larriari.
Sindikatu garen aldetik ohartarazi beharra dugu erreformen egutegia areago arindu behar dela dioten enpresa eta finantzetako ahotsei buruz. Erregea zoriondu egiten dute egindako zerbitzuengatik, eta haren semeari babesa ematearekin batera eskatzen ari dira ezer ez dadila aldatu. Erregimeneko alderdiei galdegiten diete eusteko austeritate politikari eta eskubide laboral eta sozialen murrizpenari, eta areagotu dezatela ekintza erreibindikatiboaren eta mobilizazio sozialaren aurkako bortxa eta errepresioa. Enpresarioen eskari honek, beraz, abdikazio prozesua azkartzeko asmoaren logika bera du. Hain zuzen, ELAk bere afiliatuei eta langile-klaseari ohar bat helarazi nahi die: litekeena da datozen hiletan politika antisozialak are gehiago laztea.
Erregenerazio demokratikoa ere bada premiazkoa estatuko nazioen aitorpenari dagokionez (Euskal Herria eta Katalunia kasu), eta erabakitzeko eskubideari buruz. Halaber, gurean jasan izan dugun gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko agenda bat ere erabaki behar da; agenda horren fruitu izan behar duen elkarrizketa politikoak ETAren desarmatzea eta espetxe-politikaren erabateko aldaketa ekarriko dute.
ELAren ustez ezin onartukoa da egoera honetan PSOEren zuzendaritza politikoaren eta estatuko sindikalismoaren jarrera. Esanguratsua da 40 urte igarota ere ez gauza izatea kalean dauden kontsignak argi aldarrikatzeko: errepublika, herrien autodeterminazio eskubidea, errepresioaren memoria, zein beste edozein. Zoritxarrez, euren eginkizuna beste nonbait kokatzen dute: estatu-eginkizuna, ordenarekin eta estatuan benetan agintzen duten eliteen helburuak laguntzearekin lotua.
ELAk txalotu egiten ditu xede honekin egiten ari diren mobilizazioak, eta bat egingo du haiekin.