Fundiciones del Estanda enpresak pentsioa handitu beharko dio amiantoagatik hildako langile baten alargunari
Aurrekarien arabera, hildakoak 1991 eta 2014 bitartean egin zuen lan aipaturiko enpresan, labari kategoriarekin, eta labeetako estaldurak jartzeko eta desegiteko lanak egiten zituen. Bere zerbitzualdiaren hasieran amiantozko estaldura zuten hainbat labe ordeztuak izan ziren. Sail desberdinetako langileei urteroko osasun-azterketak egin arren, enpresak ez zuen langile hau 2009.a arte sartu 5 urte lehenago osatu zuen amianto-arriskuko zerrendan.
2013an langilea gaixotasun arruntagatik aldi baterako baliaezintasun egoerara pasa zen, hurrengo urtean lanbide gaixotasunaren ondoriozko erabateko baliaezintasun iraunkorra eta biziarteko %100eko pentsioa jasotzeko eskubidea aitortu zizkioten arte. 2015ean hil zen langilea, eta segurtasun neurri urriei dagokion administrazio-espedientea abiatu ondoren, urte hasieran Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak lanbide-gaixotasunaren ondoriozko prestazio ororen gaineko %40ko gainkargua ezarri zion enpresari, ezgaitasun nahiz alarguntzari dagozkionak. Joan den maiatzean hala ere, aipaturiko Donostiako Lan-arloko 4 zk.ko Epaitegiak, Gizarte Segurantzaren ebazpen hau indargabetu zuen, Zuzenbidearekin bat ez zetorrela argudiatuz.
Forma-akatsen bat zuzentzeaz gain, duela gutxiko EAEko Auzitegi Nagusiaren epai honek arestiko instantziako epaiaren beste oker batzuk ere zuzendu ditu, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari eta indarrean dagoen arauteriaren inaplikazioari dagozkienak, hain zuzen. Izan ere, azpimarratu beharrekoa da Goi-Auzitegiaren iritziz enpresak berak duela arriskua saihesteko neurri egokiak hartuta zituela frogatzearen ardura, eta baita arretaz eta indarrean dagoen arautegia gaindituz jardun izana egiaztatzearena ere, oraingo honetan horrelakorik gertatu ez delarik. Esandakoa oinarrizko arauei dagokienean ere -banakako babes ekipoak ematea besteak beste- frogatu ez dela iritzita, epaiak gutxiegitzat jo ditu enpresak urteroko osasun-azterketak egin izana.
Irmo egiteke, ELAk bere zerbitzu juridikoak prozedura osoan zehar eta epai hau argitaratu arte egindako lana goraipatu nahi du, zeina bere aburuz gainerako auziei aurre egiteko orduan erabakigarria izan daitekeen.
Halaber, ELAk egungo onarpen-sistema honek gizarte-gaitz horren biktima eta senideei eragiten dien sufrimendu eta babesgabetasun salatu nahi du, amiantoak sortutako lanbide-gaixotasun eta erantzunkizun oro aitortua izan dadin borroka sozial eta judiziala abiatzera animatu nahi dituelarik azken hauek. Aldi berean, ELAk euskal klase politikoaren itxurakeria arbuiatu nahi du, amiantoaren biktimentzako estatu-mailako konpentsazio-funts bat sortzea eskatzen duten bitartean, ez baitu bertako erakundeetara lanbide-gaixotasunen arazoa konpontzeko baliabide nahikorik bideratzen, ezta ordain-kalteentzako eredu propio baten inguruan eztabaidatzen ere.