Funvera enpresako hitzarmenean mugak jarri zaizkie mutualitateei gaixotasun arruntaren bajak kudeatzeko
Akordioak bi urteko indarraldia izanen du (2015 eta 2016), eta hurrengo puntu hauek jasotzen ditu:
-
Artikulu berri bat, mutualitateen kudeaketa mugatzen duena. Horren arabera, gaixotasunen (lanbidearena eta lanbidearena ez dena) bajen kudeaketa eta kontrola sistema publikoaren baitan geratuko dira.
-
Urteko lanaldia 1695 ordukoa izanen da.
-
Soldata-igoera: 2015ean %1, eta 2016an %1,5.
-
Kalitatezko enplegua. Hitzarmenaren indarraldian zehar behin-behineko kontratua duten 10 langileri kontratu finkoa eginen diete, haietako 6ri txanda-kontratuen bidez.
-
Gainera, hainbat hobekuntza egin dira hitzarmenaren atal desberdinetan.
ELAtik zorionak ematen dizkiegu FUNVERAn lan egiten duten guztiei, egindako ahaleginengatik. Lehenik eta behin, egin berri diren hauteskundeetan hain modu ugarian parte hartu izanagatik. Hori dela-eta ELAk berriz jaso du plantillaren gehiengoko sostengua, eta hemendik goiti sindikatu nagusia izanen da (ELA: 7 ordezkari; LAB: 2). Zuoi esker lortu ahal izan dugu oraingo akordio hau, eta horrekin batera enplegu duina eta kalitatezkoa. Enpresa-eredu horrek etenaldi bat izan zuen krisiaren erdialdean, 47 langile kaleratu zituztenean. Lankide haiek itzultzea lehentasunezkoa izan da beti ELArentzat. Hitzarmen honen bidez lankide haien erdiak itzuliko dira berriro FUNVERAra.
Era berean, oso ongi deritzegu soldata-igoerei eta lan-baldintzak blindatzeari; horrela urtez urte lortzen ditugun mailei eutsi ahal izanen diegu, lan-erreformaren aplikazioa de facto eragotziz. Bestalde, mugak jarri zaizkie mutualitateei gaixotasun arruntaren bajak kudeatzeko. Lehengo batzuetan hitzarturiko mugek ere beren hartan jarraituko dute: aurrera-eragin mugagabea, hitzarmena salbuesteko debekua eta abar. Horrela gure osasuna lehenetsiko da enpresaren irabazi hutsen aitzinetik.
Oraingo akordio hau bertze urrats bat izanen da gure lan-baldintzak hobetzeko bidetik, Bortzirietako eskualdean kalitatezko enplegua eta lan-baldintza duinak finkatzen lagunduko duen akordioa. Eta hori erabat lehentasunezkoa da ELArentzat, are gehiago hemen Bortzirietan, non krisiak ondorio latzak utzi dituen.