FVEMek Bizkaiko metaleko langileak pobretzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du

Bizkaiko metaleko hitzarmenaren negoziazio mahaiaren gaurko bileran, aurtengo hamaikagarrenean, Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioaren (FVEM) eskaintza bakarra soldatak KPIaren oso azpitik igotzea izan da: %3,25a 2022an, %3a 2023an eta %2,5a 2024an. Gainera, igoera horiek metaleko hitzarmenean azaltzen diren kontzeptuetan bakarrik ezarriko lirateke, eta ez hitzarmenetik kanpo ordaintzen diren soldata kontzeptuetan, hau ohiko joera izanik metalean.
Eskaintza horrek esan nahi du aurrekoa baino %0,5 handiagoa besterik ez dela. Honetaz gain, patronalak ez du sindikatuen plataformaren beste proposamenik onartzen, eta malgutasunari eta bajen kontrolari buruzko hasierako elementu erregresiboak mantentzen ditu.
Hurrengo bilera irailaren 26an izango da. Bizkaiko metaleko langileen pobretzearen kontura enpresa irabaziei eutsi nahi dien FVEMen jarrera ikusita, ELAk uste du beharrezkoa dela mobilizazioen eta greben maila handitzea. Horrela bakarrik egingo da aurrera hitzarmenaren negoziazioan.