Gabonetako aparteko ordainsaria berehala ordain dezala eskatu dio Jaurlaritzari ELAk

2012/11/27
Gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Gabonetako aparteko ordainsariaren inguruan egin duen iragarpena dela-eta, ELA-Gizalan zerbitzu publikoetako federazioak Lopezen gobernuari eskari bat egin dio: langile publikoei ordain diezaiela orain, soldata osoa jasoko dutela bermatzeko eta hau eragotziko lukeen beste edozein esku-hartze saihesteko.

Halaber, ELA-Gizalanek Hego Euskal Herriko gainerako administrazioei eskatu die Rajoyren murrizketak ez ditzatela ontzat eman, ordain dezatela abenduko aparteko paga eta ez daitezela beharrezko lankide izan gure gizarteari kalteak eragiten dizkion erabaki politiko bat gauzatzerakoan. Hau borondate politiko eta justiziazko kontu bat da, eta gure agintariek aintzat hartu beharko lukete, Rajoyren jarraipen itsua egin nahi ez badute bederen.

ELAk dei egiten die zerbitzu publikoetako langileei adi eta mobilizazioari eusten jarrai dezaten; izan ere, hau izango baita amildegira garamatzaten politika horiek alda arazteko modu bakarra.